Aurreratutako finala jokatuko dute gaur Durangon

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 14a, 12:00

Imanol Lopez, erdian, txapelketako aurkezpenean. (Jai Alai News)

Jai Alai Leagueko azken laukoaren bigarren finalerdian izango da gaur Imanol Lopez zumaiarra. Partida gauean emango du ETB1ek.

Jai Alai Leagueko txapeldunak erabakitzeko bigarren finalerdia jokatuko dute gaur 19:00etatik aurrera Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi pilotalekuan. Finalaurrekoa izanda ere, finala izan zitekeena da adituen arabera. Erkiaga eta Basque Barandikaren eta Imanol Lopez zumaiarraren aurka neurtuko dira finalerako txartelaren bila. 

Barandikak eta Lopezek laugarren postuan amaitu zuten rankinga. Sailkapen horren atzean badago arrazoi bat baino gehiago. Barandikak lesioa izan zuen belaunean, eta denboraldiko zati bat galdu zuen; Lopezek, berriz, atzelari onena izanda ere, urteko hilabete batzuk Estatu Batuetan igaro zituen, eta uda sasoian Ipar Euskal Herrian jokatutako txapelketetan lortutako emaitzek ez zioten fabore handiegirekin egin. 

Edozein kasutan, adituen arabera, "Barandika eta Lopez itzelezko bikotea da, Markina-Xemeingo aurtengo txapeldunak dira eta batez ere, mehatxu handia dira Erkiaga artistarentzat eta Thibault Basque Bidarteko atzelariarentzat".

Urrutia-Lekerika eta Urreisti-Del Rio bikoteen arteko partidak emango dio hasiera gaurko jaialdiari. Sarrerak salgai daude eramanjaialai.com webgunean. Jaialdia ETB1ek emango du aurrez grabatuta, 22:20etatik aurrera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide