Zumaiak 321 mila euro gehiago jasoko ditu aurten Foru Funtsetik, hasieran aurreikusitakoa baino gutxiago

Nerea Uranga 2024ko urr. 17a, 15:58

Zumaiako udaletxea.

2024rako Udal Finantzaketarako Foru Funtserako diru bilketaren hasierako aurreikuspenak aldaketak izan ditu, eta udalerriek aurreikusitako kopuruan %3,4ko murrizketa izango dute. Hala ere, Zumaiako Udalak iaz baino 321 mila euro gehiagoko diru sarrera izango du aurten Foru Funtsetik.

Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako diputatua atzo arratsaldean lurraldeko udal ordezkariekin bildu zen Donostian Gipuzkoako Finantza Kontseiluan. Bilkura horretan Udalen Finantzaketarako Foru Funtserako (UFFF) zifra nagusien berri eman zuen, eta aurten funts hori 14,5 milioi handitzea aurreikusten dutela adierazi zuen; 2023ko likidazioan baino %2,4 gehiago.

Foru Funtsa hazi egingo bada ere, mutualisten epaiak eragina izango du udalerriek Foru Funtsetik jasoko dutenaren aurreikuspenean; alegia, aurreikusitako kopuruan %3,4ko murrizketa izango dute. Agirrek adierazi duenez, "22,2 milioi euroko desbideratze negatiboa" aurreikusi dute. Behin betiko zenbatekoa 2025eko otsailean ezagutuko dute, 2024ko diru bilketaren eta ekarpenen benetako zifrak ezagutu ondoren. 2024ko hasierako aurreikuspena baino 304.652 euro gutxiago jasoko ditu Zumaiako Udalak itxierako aurreikuspenaren arabera.

Dena den, murrizketa aplikatuta ere, Zumaiak aurten iaz baino 321.389 euro gehiago jasoko ditu Foru Funtsetik. 2023an 8.301.656 euro jaso zituen, eta aurten 8.623.068 euro aurreikusi dituzte itxieran.

Datorren urterako aurreikuspenei dagokienez, 2025ean %7 haztea espero dute Udal Finantzaketarako Foru Funtsa. "Hala, 2025eko ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiak 673,7 milioi euro emango dizkie lurraldeko udalerriei, 2024ko ekitaldiko likidazio aurreikuspena baino 44 milioi euro gehiago. Zumaiako Udalak 2025ean 9.073.258 euro jasoko dituela aurreikusi dute.

 

Udala Likidazioa
2023
Aurrekontua
2024
Itxiera aurreikus. Betetze maila Aldakuntza
2023/2022
Biztanleko euroak 2025erako aurreikuspena
Aia 1.672.706 1.830.182 1.767.728 %96,59 %5,68 828 1.901.729 (+%7,58)
Aizarnazabal 697.377 718.780 694.252 %96,59 -%0,45 900 936.485 (+%34,89)
Azkoitia 9.650.052 10.206.851 9.858.549 %96,59 %2,16 847 10.438.608 (+%5,88)
Azpeitia 12.596.581 13.360.416 12.904.502 %96,59 %2,44 850 13.652.591 (+%5,80)
Beizama 202.961 202.816 195.895 %96,59 -%3,48 1.462 364.267 (+%85,95)
Errezil 533.898 553.849 534.949 %96,59 %0,20 919 764.309 (+%42,87)
Getaria 2.300.636 2.465.235 2.381.110 %96,59 %3,50 830

2.553.095 (+%7,22)

Orio 5.011.311 5.289.177 5.108.688 %96,59 %1,94 834 5.442.980 (+%6,54)
Zarautz 19.056.377 20.121.888 19.435.243 %96,59 %1,99 839 20.503.121 (+%5,49)
Zestoa 3.120.013 3.298.853 3.186.282 %96,59 %2,12 842 3.405.104 (+%6,87)
Zumaia 8.301.679 8.927.720 8.623.068 %96,59 %3,87 844 9.073.258 (+%5,22)

*Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide