Putzu handiak eragin dituzte euriteek herriko hainbat tokitan

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 17a, 17:56

Autoen joan-etorria erregulatu du Udaltzaingoak Ardantzabiden, ibilgailuek kale erdiko putzua saihesteko.

Euritan esnatu da Zumaian, eta euritan jarraitu du goiz parte osoan. Bazkalondoren, gainera, euri zaparrada bortitzak bota ditu eta, itsasgorarekin topo eginda, eragina izan du arratsaldeko lehen orduetan hainbat tokitan. Ardantzabiden, putzu handi bat sortu da parrokia azpitik Ardantzabideko igogailurako tartean.

Arazoak saihestu nahian, autoen joan-etorria erregulatzeko erabakia hartu du Udaltzaingoak. Hala, Ardantzabidetik Amaiako plaza aldera joan behar zuten autoak BM supermerkatu pareko espaloitik bideratu dituzte; Ardantzabidera joan behar zutenak, berriz, San Telmo kalera desbideratu dituzte.

Gainera, Urolak zein Narrondok gainezka egin dute, eta errioen ondoko kaleak eta pasealekuak ere hartu ditu urak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide