Jon Agirre txirrindulari zumaiarra fitxatu du Euskaltel-Euskadi taldeak. Aurreko bost denboraldiak Kern Pharma taldean egin ditu, profesional mailan, eta datozen bi denboraldietan, 2025ean eta 2026an talde laranjarekin arituko da igotzaile zumaiarra.
Igotzailea, Euskaltel-Euskadirekin aritzea ametsa zuela esan du 27 urteko zumaiarrak taldearen webgunerako emandako adierazpenetan. "Txiki txikitatik, umea izanik, lasterketak ikustera joaten zinenean dena laranja jantzita ikusten zenuen, eta barruan egoteak ilusio berezia egiten dizu beti. Orain, aukera heldu zait eta ez dut dudarik izan bertan lehiatzeko. Bost urte eman ditut profesionaletan; nire ustez, urtero eman dut pauso bat beste baten atzetik eta maila horretan jarraitzea espero dut, baita beste urrats batzuk ematea ere. Nire helburu nagusia da garapen horrekin jarraitzea, ilusio gehiagorekin; etxeko taldea eta euskalduna izanda beti ere ilusio berezia egiten dizu horrek. Horregatik, konfiantza hori itzuli nahi dut errepidean".