Ligako txapela janzteko asmoarekin kantxaratuko da bihar Imanol Lopez

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 20a, 13:58

Lopez eta Barandika, duela astebete jokatutako finalerdian. (Jai Alai News)

Jai Alai ligako finala jokatuko dute bihar arratsaldean Barandikak eta Lopezek Johan eta Gorka Sorozabal anaien aurka. Partida ETB1ek emango du 22:20tik aurrera. 

Bihar iluntze aldera jakingo da zer bikotek jantziko duten Jai Alai ligako txapelak. Durangoko (Bizkaia) Ezkurdi frontoian jokatu dute azken asteotan ligako azken laukoko partidak, eta bihar finalaren txanda izango da: Johan eta Gorka Sorozabal anaiak Barandika eta Imanol Lopez zumaiarraren aurka neurtuko dira txapeldunen tituluaren bila. Jaialdia 19:00etan hasiko da, eta 22:20an ikusi ahal izango da, aurrez grabatuta, ETB1 bidez. 

Adituen arabera, bikote beteranoa, Barandikak eta Lopezek osatutakoa, da txapelketa irabazteko faboritoa. Ezkurdi frontoiaren ezaugarriak Lopezentzako egokiak dira, ohikoa baino txikiagoa izanda, espazio gutxiago estali behar dituelako, beste arrazoien artean. Barandika, berriz, sasoi onean heldu da finalera. Faborito izateak, baina, agian presio gehiago jarriko diete, eta horretaz baliatu ahal izango dute Sorozabal anaiek. 

22 eta 23 urte besterik ez dituzte Biarritzeko (Lapurdi) puntistek, eta oraindik gazte, oso gazte izanda ere, onenen artean lehiatzen ari dira. Elkarrekin jokatu dute azken lauko hau, eta, finalera helduta, txapelketa irabazteko izan ditzaketen aukerak aprobetxatu nahiko dituzte.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide