Trontzan bakarrik ez, txingan ere txapeldun

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 20a, 19:26

Andoni Zubiaurre, haurra besotan duela, eta Mikel Agirre, irabazleekin txapelekin gaur Loiun. (Utzitakoa)

Andoni Zubiaurre Gorixo Zumaiako bizilagunak Bizkaiko txapelketak irabazi ditu txingan eta trontzan. 

Gorixo aurrez ere Bizkaiko txapeldun izana da Mikel Agirre ondarrutarrarekin bikote osatuta. Gaur Loiun (Bizkaia) jokatu duten Bizkaiko trontza txapelketan aritu da bikoa, baita azken bi urteetan lortutako garaipena aurten berretsi ere.

Zubiaurre berak Zumaiagukari azaldu dionez, oso lehia gogorra izan da. Enborrari hogei mozketa egin behar izan dio bikote bakoitzak, eta hamalaugarrenera arte segundo baten barruan joan dira. Saioaren azken zatian erritmoa mantentzeko gai izan dira Zubiaurre eta Agirre, aurkariek pott egin duten bitartean. Hala ziurtatu dute garaipena Bizkaiko txapelketan, hirugarrengoz.  

Trontzan parte hartzearekin ez zen, ordea, konforme Zumaiako bizilaguna, eta bezperan, larunbatean, Trapagan (Bizkaia), Bizkaiko txinga erute txapelketan aritu zen. Bazuen esperientzia Gorixok. 2008tik 2010era bitartean Mutrikuko sokatira taldean aritu zen, eta garai hartan txingan ere aritu zen. "Orduko markarekin agian ez nuke txapela jantziko, baina maila jaitsi egin da azken urteotan. Harra hor nuen, urteren batean aterako nintzela pentsatzen nuen. Atera naiz eta ondo moldatu naiz, txapeldun naiz eta", azaldu du Zubiaurrek. 50 kiloko txinga banarekin aritu da hamalau plaza egin ditu bere saioan. "Banuen gehiago egiteko aukera, baina bihar [gaurgatik] trontzako txapelketa dut eta indarrak gordetzea erabaki dut".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide