Palestinaren kontrako genozidioa gelditzeko aldarrikatu dute zumaiarrek

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 21a, 20:00

Palestinaren aldeko elkarretaratzea Zumaian. (Juan Luis Romatet)

Genozidioa stop lelopean, eta Palestinari elkartasuna adierazteko, hainbat herritar bildu da arratsaldean udaletxe aurrean.

Gernika-Palestina plataformak egindako deialdiari gogotik erantzun diote zumaiarrek. Gaur, astelehena, 19:00en bueltan, dozenaka lagun elkartu dira udaletxe aurrean, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko.

Euskal Herriko herri guztietarako egin zuen elkarretaratzeak egiteko deialdia Gernika-Palestina plataformak, Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuenetik urtebete pasatxo denean. Genozidioa stop leloa zuen pankartaren atzean batu dira Zumaian ere. Elkarretaratzen, gainera, Gernika-Palestina plataformak egunotako mobilizazioetarako prestatu duen manifestua irakurri dute.

Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek babestu dute deialdia. Hain justu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar nahiz Ezker Anitza alderdietako zein ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten Gernika-Palestinak mobilizazioa deitzeko egin zuen agerraldian, baita Ernaik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide