Imanol Lopez, Ligako txapeldun

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 22a, 08:53

Sari banaketako argazkia. Barandika eta Lopez podiumeko postu gorenenean. (Danny Erdocio)

Barandikarekin bikotea osatuta, hiru jokotan irabazi die Sorozabal anaiei atzo arratsaldean Durangon (Bizkaia) jokatutako Jai Alai Ligako finalean. 

Iazko arantza kentzeko aukera izan du Imanol Lopez puntista zumaiarrak. Orduan, Iñaki Osa Goikoetxearekin bikotea osatuta, ezin izan zuen Jai Alai Ligako txapela jantzi. Aurten bai, aurten podiumeko gorenera heldu da Lopez, Barandikarekin bikotea osatuta.

Atzo arratsaldez jokatu zuten Durangoko Ezkurdi frontoian aurtengo Jai Alai Ligari bukaera eman dion partida. Gazteak batetik: Johan eta Gorka Sorozabal lapurtarrak; beteranoak bestetik: Xabier Barandika eta Imanol Lopez, gernikarra lehena eta zumaiarra bigarrena. Esperientziagatik, txapela janzteko ustezko faboritoak ziren Barandika eta Lopez, baina aski jakina zen Miarritzekoek, behin finalera helduta, ez zietela gauzak erraz jarriko.

Partidak izan zuen hasiera ikusita –0-5 eta 1-6 jarri ziren aurretik Barandika eta Lopez–, ez zirudien lehen jokoak emozio handirik izango zuenik. Baina, pilota bizkorragoa erabilita, Ipar Euskal Herrikoak hurreratzen joan ziren markagailuan (6-8), baita jokoak aurrera egin ahala tanto bakarrera jarri ere (11-12, 12-13, 13-14). Beteranoentzako izan zen, ordea, azken tantoa eta 13-15 emaitzarekin irabazi zuten lehen jokoa.

Bigarren jokoan berdintasuna izan zen nagusi, eta Barandika eta Lopez atsedenaldira aurretik joan baziren ere (7-8), Sorozabal anaiek hortzak estutu zituzten eta markagailua berdindu eta gero (12-12, 13-13), seta irabazteko azken bi tantoak egin zituzten: 15-13.

Berdinketa hausteko, eta partida eta ligako irabazleak erabakitzeko joko laburrean huts gutxiago egin zituzten bizkaitarrak eta gipuzkoarra, eta 3-5 emaitzarekin irabazi zuten finala, Barandika eta Lopez igo ziren podiumean txapeldunaren lekura.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide