Hasi da Ekoturismoaren VII. Kongresua

Maria Maya Manterola 2024ko urr. 22a, 09:30

Ordezkari politikoak, kongresuari hasiera emateko agerraldian. (Maria Maya Manterola)

Sektoreko 200dik gora profesional Zumaian izango dira ostegunera bitarte. Ekoturismoaren orainaz eta etorkizunaz gogoeta egiteko baliatuko dute egonaldia.

Espainia osotik bertaratutako 216 profesional izango dira Zumaian ostegunera bitartean egingo duten Ekoturismoaren VII. batzarrean parte hartzeko asmoz. Goizean goiz egin dute agerraldia Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko presidenteak, Ana Llano Espainiako Ekoturismo Elkarteko lehendakariak, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Ana Muñoz Estatuko Turismo Politiken Zuzendari nagusiak.

Arrakastaren gakoak helmugetan eta ekoturismo esperientzietan leloa dute Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Basquetourrek antolatutako jardunaldi hauek, eta bertan, ekoturismoaren inguruko estrategiak landuko dituzte, ezagutzak partekatuko dituzte eta Espainiar Estatuko ekoturismoaren orainaz eta etorkizunaz eztabaidatuko dute.

Aita Mari zinema eta Alondegiko Oxford aretoan izango dira jardunaldiaren barruan antolatutako ekintzak. Antolatzaileen araberak, ekimenak iraungo dituen hiru egunetan ekoturismoaren bilakaera, kudeaketa eta bultzada Espainian, Euskadin, Espainia Berdean eta Euskal Kostaldeko Geoparkean bezalako gaiak aztertuko dituzte; baita garatutako eta abian jarritako ekimen eta proiektuen emaitzen berri eman, edo interpretazio eraginkorra egiteko tresnak eta gakoak eman ere. 

Irteera batzuk ere programatu dituzte profesionalei zuzendutakoak. Hala, Geoparkeko zenbait gune eta Gasteizko Eraztun Berdea edota Salburua Natura 2000 sarea ezagutzeko aukera izango dute. 

Aipatutako gaiak lantzeaz gain, biodibertsitatearen zaintzeko konpromiso gisa hartzen dute antolatzaileek kongresu hori. Izan ere, izen emateen kopuru jakin bat Geoparkeko baso igel iberiarra kontserbatzeko ikerketa proiektura bideratuko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide