'Atearen bestaldean' familia osoarentzako antzezlana izango da bihar eguerdian Aita Marin

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 26a, 09:00

Hika Teatroa antzerki konpainiaren emanaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da bihar. Sarrerak aurrez salgai daude Turismo Bulegoan eta Internet bidez. 

Familia osoarentzako zuzendutako Atearen bestaldean antzezlana izango da bihar eguerdian Aita Mari aretoan. Hika Teatroa konpainiaren lan honetako emanaldia 12:00etan hasio da Zumaiako zinema aretoan. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 4,10 euroan, Turismo Bulegoan edo, Internet bidez, sarrerakzumaia.eus webgunean.

Sinopsia

Neska aurrera doa bidean, bere atearekin, izan zen bizitza eraikitzen duten oroitzapenez betetako ate-etxearekin. Berriro bizi nahiko lukeen bizitza, oraintxe bertan balitz bezala. Mendiak eta hiriak ibiltzen ditu, ibaiak eta basamortuak zeharkatu, itsasoaren barrenean galdu. Gaur, ordea, zain dago atearen bestaldean. Egun berezia du. Bere urtebetetze eguna. Atea jo dute?

Atearen bestaldean pertsonok egoera kaltegarriak gainditzeko dugun gaitasuna, erresilientzia, alegia, lantzen duen ikuskizun parte-hartzailea da. Ate bat ireki eta gurutzatu. Ate bat ireki eta gonbidatu. Bata zein bestea itxaropen eta alaitasun ekintza txikiak dira, eta eginerrazak dirudite; hainbatetan, ordea, ezinezko bihurtzen dira.

Ikuskizun honek ateak irekitzera gonbidatzen du ikuslea eta bestaldean dagoenaz gozatzera.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide