Libe Goenagak eta Jon Maiak bertso saio bana eskainiko dute datozen egunotan Zumaiako adinekoen egoitzetan

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 27a, 13:00

Bihar izango dira bertsolariak Otezuri zentroan.

Bertso bira egitasmoa jarri dute abian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk. Horren barruan bi bertso saio eskainiko dituzte Libe Goenagak eta Jon Maiak: bihar Otezurin eta hurrengo astelehenean San Juan egoitzan. 

Adin-adin egitasmoari lekukoa hartuko dio aurten Bertso birak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk bertsoak adinekoen egoitzetara eramateko sortu duten egitasmo berriak. Haren helburua "bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea, euskal kulturaren adierazpenik garrantzitsuenetako bat dela kontuan izanda" da, programaren sortzaileen arabera.

Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuaren iritziz, bertsolaritza oso tresna indartsua da adinekoen emozioekin konektatzeko, "gure hizkuntzari eta nortasunari lekua emateko. Saio hauek entretenimendua eskaintzeaz gain, musikaren eta bertsoen bidez oroitzapenak eta bizipenak aktibatzen laguntzen dute, eta hori oso onuragarria da egoitzetako erabiltzaileen ongizate emozionalerako eta kognitiborako", azaldu du.

Zumaian bi saio

Ekimenak urte hauetan arrakasta izan duela nabarmendu dute haren sustatzaileek, eta saio hauek hartzeko gero eta egoitza gehiago aurkeztu direla ere azpimarratu dute. Hala, datozen asteotan 30 saio egingo dituzte lurraldeko egoitzetan.

Hala, Zumaiako egoitzetan saio bana izango da datozen egunetan, eta bietan Libe Goenaga eta Jon Maia arituko dira kantuan. Bihar Otezuri zentroan egongo dira, 11:00etatik aurrera, bertako egoiliarren aurrean kantuan. Astebete beranduago, azaroaren 4an, San Juan egoitzan izango dira, ordu berean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide