Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak beka programa berri bat abiarazi dute elkarlanean, "zumaiarraren memoria mantendu eta haren balio etikoen transmisioan eragiteko". Hala, Lanbide Heziketako bi ikasle gazteri babesa emango diote urtero beken bidez, industria teknologietako ikasketetan sakondu eta modu horretara "jarraipena izan dezaten Kortak bere bizitza eta lan ibilbidean defendatu zituen ideiek: zintzotasuna, lurraldearekiko konpromisoa, berrikuntzaren, etengabeko hobekuntzaren eta belaunaldi berrien sustapenaren aldeko apustua...".
Balio horietan azpimarra jarri zuten atzo beka programa aurkezteko emandako prentsaurrekoan, Eider Mendozak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta Andoitz Korta nahiz Jesus Mari Mujikak, Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko idazkariak eta bozeramaileak, hurrenez hurren. Beraien hitzetan, Lanbide Heziketari garrantzia handia ematen zion zumaiar enpresariak eta, horregatik, eremu honetan eragin nahi izan dute bi erakundeek lankidetzan abiarazi dituzten beken bidez, "belaunaldi berriei aukerak eskaini eta, gisa horretan, Kortaren balio etikoek gure gizartean jarraipena izan dezaten".
Hain zuzen ere, datorren urtean 25 urte beteko dira ETAk Joxe Mari Korta hil zuenetik, eta Eider Mendoza bere “memoria” bizirik mantentzearen beharraz mintzatu da. “Bere lan eta bizitza ibilbidean defendatu zituen ideiek eta balioek gaurkotasun handia dute eta, herri bezala, lurralde arduratsu bezala, oinarri sendoa eskaintzen digute etorkizunera begira ere”, gaineratu du Mendozak. Diputatu nagusiak nabarmendu du, baita ere, Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak ahalegin horretan egin duen eta egiten duen ekarpena, “memoriaren, elkarbizitza baketsuaren, balio humanisten eta demokratikoen” gizarteratzean.
Bekaren aurkezpenean, Korta sendiaren izenean, esker ona adierazi zien fundazioko idazkariak 2000. urteaz geroztik biktima soil izatetik, bakearen eta ongizatearen alde egiten ahalegintzen diren erakunde, elkarte, fundaziokide eta herritar denei. “Hori laguntza handia izan da eta aitortzen dugu. Horregatik, eskerrak denoi”, laburbildu du Andoitz Kortak. Eta gehitu du: “Joxemarik teknikoki eta etikoki jantzitako gazteak nahi zituen lantokietan, bizikidetzan, lankidetzan eta berrikuntzan asmatuko zutenak". Oraingoz hitzarmenak urte beteko epea du, froga gisa, baina hurrengo urteetan ere bekari eusteko asmoa aurreratu du Mujikak, “parte hartzen duten bi erakundeen borondatea halaxe delako”.
Eskaera epea, zabalik
Joxe Mari Korta Beken bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 12.000 euro bideratuko ditu Lanbide Heziketako bi ikasleren hezkuntza ibilbidea babestera, horiek industria teknologietako ikasketetan aurrera egiten jarraitu dezaten. 2025-2026 ikasturtera begira emango dituzte lehen bekak, baina eskaerak egiteko epea dagoeneko zabalik dago eta indarrean egongo da datozen bi hilabeteetan.
Beketako bat industria arloko teknologietan Lanbide Heziketako erdi mailako gradua duen pertsona bati emango zaio, ikasketak industria teknologiei lotutako goi mailako gradu batean jarraitu ahal izateko. Bestea, berriz, industria arloko teknologietan Lanbide Heziketako goi mailako gradua duen pertsona batentzat izango dira, industria teknologietako ikasketekin jarraitzeko aukera izan dezan Lanbide Heziketako goi-mailako gradu berri baten bidez edo unibertsitate gradu bat egin ahal izan dezan. Baldintza nagusiak dira 35 urte baino gutxiago edukitzea eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxeren batean ikasten egotea. Hemen ikus daitezke bekaren xehetasun guztiak.