Julen Mateos moto gidari zumaiarrak amaitu du aurtengo lasterketen denboraldia. Segoviako (Espainia) Karpetania zirkuituan jokatu du pasa den asteburuan Gaztela eta Leongo Txapelketako azken karrera, Minimotard 85 kategorian.
Bere trebetasuna erakutsi zuen entrenamendu kronometratuetan, eta haietan lortutako denborei esker, irteera puntuan bigarren postuan atera zen. Lasterketako lehen txandan hirugarren postua lortu zuen zumaiar gazteak. Bigarrenean, aldiz, eroriko bat izan zuen, eta lehen postuetara hurreratzeko ahaleginak egin arren, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen probaren amaieran.
Segovian ez zuen podiumera igotzeko aukerarik izan, baina bertan lortutako puntuak erabakigarriak izan dira Mateosentzako, Gaztela eta Leongo Txapelketa ez ezik, bere kategorian Euskadikoa eta Nafarroakoa eskuratzeko.