Hirigintza inklusiboari buruz arituko dira bihar arratsaldean Emakumeon Etxean

Maria Maya Manterola 2024ko urr. 29a, 11:00

Hirigintza inklusiboaren eta feministaren ekarpena zer nolakoa den eta izango den azalduko du saioan Paulo Amuchastegi arkitektoak. 18:30ean hasiko da saioa bihar. 

Hirigintza inklusiboa, denontzako herria eraikitzeko tresna. Etorkizuneko eraikinak eta espazio publikoak inklusiboak izateko baldintzak izeneko hitzaldia izango da bihar Emakumeon Etxean, udalak antolatuta. Komunitatearentzat funtsezkoak diren gaien bueltan arituko dira, hala nola: espazio publikoen diseinu inklusiboa, ibilgailuen aurrean segurtasuna hobetzeko neurriak, edota eraikinak gaur egungo beharretara egokitzeko baldintzak. Hitzaldia euskaraz egingo da, baina gaztelaniarako itzulpena eskainiko da. 18:30ean hasiko da.

Erdu estudioko Paula Amuchastegi arkitektoak eskainiko du hizketaldia. Zumaiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazteko prozesua gidatzen ari dira Erdukoak, eta, oinarri asko dagoeneko finkatuta badaude ere, ezinbestekoa da honakoaren erredakzioan herritarren parte hartzea bermatzea, udalaren esanetan. 

Hala, hirigintza inklusiboaren eta genero ikuspegiaren oinarrizko gakoak eskaini nahi dizkiete herritarrei, eta horiek prozesuan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Izan ere, udalaren ustez, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) "funtsezko tresna da" udalerriaren garapen ordenatu eta iraunkorrerako, eta, nola ez, Zumaiaren oraina eta etorkizunak herritar guztien beharrei erantzungo diela ziurtatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide