Ostiralean jokatuko du Pulpok Lehen Nazional mailako zazpigarren jardunaldia. Tarazona izango du aurkari Lubakin, 17:00etan, eta "giro berezia" sortu nahi du klubak norgehiagokan. Beheko harmailak bete nahi dituzte etxekoak gertutik animatzeko, eta klubeko kirolariei partida merkeago ikusteko aukera eman diete: kimu, infantil, kadete eta jubenil mailako eskubaloi jokalariek euro baten truke eskuratu ahal izango dute sarrera. Horretarako, biharko (asteazkena) izena eman beharko dute, eta ostegunean sarrera jaso. Ordutik aurrera sarrera erosi nahi dutenek ohiko prezioan eskuratu beharko dute.
Selekzioak, elkarren aurka
Espainiako eta Kataluniako emakumeen eskubaloi selekzioek prestatzen saioak egingo dituzte larunbatean, hilaren 2an, Lubaki kiroldegian. Bi selekzioak datorren urtarrilean jokatuko duten Erkidegoetako selekzioen Espainiako txapelketa prestatzen dabiltza, eta Zumaian bilduko dira lagunarteko eskubaloi partida batzuk jokatzeko.
15:00etan hasiko dira partidak. Lehenbizi jubenilek jokatuko dute, ondoren kadeteek (16:30ean) eta jarraian infantilek (18:00etan).
Gizonen selekzioak, berriz, Lleidan (Herrialde Katalanak) neurtuko dira lagunarteko partidetan.
Datorren urteko urtarrilean jokatuko dute txapelketa hau Espainia mailako erkidegoetako selekzioek, infantil, kadete eta jubenil mailetan. Herrialde Katalanetan jokatuko dute txapelketa, eta hitzordu hartarako prestaketa abian dute dagoeneko.
Bera Bera, azaroaren 5ean
Eskubaloi hitzordu andana izango da datozen egunetan Zumaian, selekzioaren eta etxeko jokalarien partidak ez ezik, Espainiako ligako norgehiagoka bat ere hartuko baitu Lubakik. Bera Bera Donostiako taldea aurrez aurre neurtuko da Gijonen aurka, gaur zortzi, azaroaren 5ean, 19:30etik aurrera.