Maite Urteaga: "Errespetu handia izan diot beti Mendi Duatloien Zirkuituari"

Unai Ugartemendia/Berria 2024ko urr. 31a, 08:00

Maite Urteaga. (Utzitakoa)

Errepideko txirrindularitzako egungo Gipuzkoako txapelduna da Urteaga, eta aurten egin du urratsa Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuitura. Bigarren izan da amaitu dituen bi probetan. Kateatu egin da zirkuituarekin.

Eskolak amaituta iritsi da jaioterrira Maite Urteaga mendi duatloilaria (Zumaia, Gipuzkoa, 2000). Bertan da hitzordua. Amasan (Gipuzkoako) jokatutako proban lesionatu egin zen, eta, ondorioz, ezin izan da aritu Euskal Herriko Txapelketan, baina irribarretsu dago. Orain arte jokatutako probei buruz hitz egiteko gogoz dago. Kirola barruan darama.

Nor da Maite Urteaga?

24 urte dituen neska zumaiarra. Umetatik egin izan ditut zenbait kirol, baina inoiz ez nintzen erabat aritu ez korrika, ez bizikletan. Eskubaloian jokatu nuen 19 urte egin nituen arte. Ordurako hasia nintzen errepidean korrika irteten aitarekin, eta gustatu egiten zitzaidan. Mendian ere jendea korrika zebilela ikusten hasi nintzen, eta hura ere probatzea erabaki nuen. Gustatu egin zitzaidan, eta, geroztik, errepidean askoz ere gutxiago ibili naiz. Korrika hasi eta urtebetera, eskubaloia uztea erabaki nuen.

Bizikletan ere urte gutxi daramatzazu.

Bai, 2021ean hasi nintzen. Orduan ezagutu nuen nire gaur egungo bikotekidea, eta, hura ere bizikletan ibiltzen zenez, probatzeko esaten zidan. Errepideko bizikletarekin ekin nion, eta iaz, jada, Zarauzko Eulen taldearekin hasi nintzen.

Mendirako zaletasuna etxetik datorkizu?

Etxean beti izan dira oso kirolariak, gehienbat aita. Oraindik ere ia egunero egiten du kirola, eta sasoi betean jarraitzen du! Betidanik egin izan ditugu mendi bueltak, eta oporrak ere beti Pirinioetan izaten ziren.

Berria egunkarian irakurri daiteke elkarrizketa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide