Memoria ariketa garrantzitsua eta beharrezkoa egiten ari dira asteotan Emakumeon Etxean, Ez ahazteko gogoratuz izenburupean. Zumaiako emakumeak ditu protagonista, eta haien bidez kontatu nahi dute herriko historia. Lehen saioa joan zen asteko ostegunean egin zuten, eta hurrengoa datorrenean egingo dute, azaroaren 7an. Saioak irekiak direla nabarmendu dute, eta parte hartzera gonbidatu dituzte herriko emakumeak.
Idoia Telleria Maritxalar ari da lanketa dinamizatzen. Herriko historia ezagutzeko helburua du, betiere, emakumeei ikusgarritasuna eta ahotsa emanez. Irudiak eta argazkiak izan ziren tailerraren oinarria. Hitzordura zuri-beltzeko argazkiz beteriko poltsekin agertu ziren parte hartzaileak, barrutik kanporako zubi lan hori egiteko erretratuekin. Guztira, hamabi bat lagun elkartu ziren Emakumeon Etxeko mahai bueltan: batzuk ezagutzen ziren lehendik ere –bi parte hartzailek, esaterako, hogei urte zeramatzaten elkar ikusi gabe, baina ikusi orduko errekonozitu zuten elkar–, eta besteek, lehenbizikoz ikusi zuten elkar.
Dena den, memoria ariketa egitera sartu aurretik, norbere burua argazkien bidez aurkezteko ariketa proposatu zien Telleriak bertan elkartutakoei. Horretarako, Telleriak berak tailerrera eramandako askotariko argazkien artean bat hautatu behar zuen bakoitzak, eta irudi horren bidez bere burua aurkeztu gero, txandaka-txandaka. Gandorra tente zuten oilarrak, mendiko paisaiak, haur lotsatien irudiak nahiz irudi eta forma abstraktuagoak aukeratu zituzten horretarako mahai bueltan bildutakoek.
Zumaiako Udalaren fototekatik hartutako argazkiak elkarrekin ikusteari ekin zioten gero. Dantzariak, Hotel Amaiako zerbitzariak, arraina garbitzen jarduten zuten langileak, astoan azokara jaitsitako baserritarrak edota eskola-haurrak. Diapositibak igaro ahala, argazkian bertan ikusitakoaz eta ageri ziren pertsonez aritu ziren: "Hau hango etxeko alaba da", "hura oraindik ere bizi da", baita "horko hori ni naiz" ere. Ohartzerako igaro ziren bi ordu, eta norberak ekarritako argazkiak berrikustearena datorren saiorako utzi zuten.
Bere bidea hartuko du
Lehen hitzordu haren balorazio "oso ona" egin du Telleriak: "Emakume askok parte hartu zuen, adin tarte desberdinetakoak, gainera. Askok 50eko hamarkadako bueltako kontuak zekizkiten, eta hori informazio garrantzitsua da". Parte hartzeko modua eta sortu ziren elkarrizketak ere aberasgarriak izan ziren dinamizatzailearentzat.
Duela bizpahiru urte hasi zen Telleria argazkien bidez historiak biltzen. Ondarroan eta Orion egin du tailer bera, nahiz eta gero tokian tokira moldatu proiektua. Zumaiakoak ere bere bidea hartuko du datozen saioetan: "Helburua da emakume helduak elkartzea eta historiaren inguruan beren kontakizuna egitea: zer gertatu zen, zer bizipen izan dituzten... Argazki historikoak bildu ditugu, eta asmoa da gai bakoitzaren bueltan zer gertatu zen eta emakumeak zertan ari ziren jasotzea. Gero ikusiko da zer ateratzen den eta gairen bat konkretuki landu nahi den, nahiko irekia da planteamendua".