Eraberritutako solairuko pasilloetan gora eta behera dabiltza dagoeneko ikasle txikiak. Izan ere, dagoeneko amaitu dituzte Zumaiako Herri Eskolaren Aita Mari eraikinek lehen pisua berritzeko eta garai berrietara eramateko lanak. 591.264 euroko kostua izan dute lan hauek, eta horiek ordaintzeko 355.000 euro inguruko laguntza jaso du udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik.
Eraberritze lan hauen bidez, Aita Mari auzategian dagoen eskolako lehen solairua egungo diseinu-kanonetara egokitu dute, "heziketa-eremu atseginagoa sortzeko, eta dagoeneko martxan zegoen mugimendu librearen metodologian sakontzeko", udalak ohar bidez adierazi duenez. Horrekin batera, eraikinaren isolamentu termikoa zein akustikoa hobetu dituzte. Energia eraginkortasuna handitzeko, fatxada osoa estradosatuko dutela ere informatu dute, baita instalazio elektrikoa ere erabat aldatuko dutela ere, "eraikinaren energia-kontsumoa murrizteko".
Diseinu berri hau Herri Eskolako zuzendaritzarekin eta Guraso Elkartearekin elkarlanean garatu dutela ere nabarmendu du udalak.
Lan horien berri emateko honako bideoa prestatu dute: