"Zehazki non eta zenbat euri botako duen asmatzea zaila da oraindik"

Paulo Ostolaza ('Berria' egunkaria) 2024ko aza. 1a, 16:00

Valentziako suhiltzaileek zaldi bat, pottoka bat eta 2 txakur erreskatatu dituzte. (Consorci Provincial de Bombers de València)

Valentzian, urte osoan egiten duen adina euri egin du egun bakarrean. Zona batean euri asko egingo duela jakiteko modua badago, baina Joseba Egaña meteorologoak aitortu du kostatzen zaiela muturreko fenomenoak iragartzea. Berria egunkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Ordu gutxian 400 eta 500 litro euri artean egin ditu Valentzian (Herrialde Katalanak). "Hori astakeria bat da. Han urte osoan egiten duen adina euri egin du egun bakarrean", azaldu du Joseba Egaña Euskalmeteko iragarpen arduradunak.

Meteorologoen aurreikuspenak gainditu egin ditu Iberiar penintsularen hego-ekialdea astintzen ari den tanta hotzak. Depresio isolatua da izen teknikoa. Erabat oker ere ez zebiltzan: "Inguru horretan metro kubikoko 150-200 litro arteko prezipitazioak izango zirela iragarri zuten, hori ere asko da, eta horregatik zeuden alerta laranjan".

Egañak kontatu du horrelakoetan oso zaila dela zehazki asmatzea non eta zenbat euri botako duen. "Ekaitz gune ezberdinak batu, eta 200-300 kilometroko sistema bat osa dezakete. Aktibitate handiena duena, ordea, askoz gune txikiagoa da, eta horietako batean neurtu dituzte 400 litro". Beraz, jakin daiteke inguru jakin batean asko botako duela, baina, depresio isolatuen mugimendua erratikoa izaten denez eta iragarpenak une batetik bestera alda daitezkeenez, "ia-ia ezinezkoa da" zehazki non asmatzea. Horregatik, meteorologoak aitortu du horrelako egoerak iragartzea kostatzen zaiela oraindik, modeloak hobetzen ari diren arren.

Erreportaje osorik irakur daiteke Berria.eus webgunean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide