Eusko Alderdi Jeltzaleak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zuzendaritza batzorde berriak aukeratzeko barne prozesua abian du, eta hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Maria Eugenia Arrizabalaga da Gipuzkoan bigarren fasera igaroko den hautagai bakarra, Eneko Goiak eta Imanol Lasak uko egin baitiote prozesuan jarraitzeari. Ordea, Lasak burukide izateko hurrengo fasera igarotzera onartu du, eta beraz, Arrizabalagaren taldekide izateko hautagai izaten jarraitzen du politikari zarauztarrak.
Jeltzaleek urriaren 17an hasi zuten lurralde zuzendaritzak hautatzeko prozesua, eta alderdiaren ildo ofizialak zumaiarra proposatu zuen 33 urtez Gipuzkoan alderdiaren buru izan den Joseba Egibar ordezkatzeko. Azaroaren amaiera aldera erabakiko ditu alderdiak lurraldeetako presidente berriak.