Emakumeen Espainiako eskubaloi ligako lehen mailako partida ikusteko aukera izango da bihar arratsaldez Lubaki kiroldegian. 19:30ean hasita, Super Amara Bera Bera talde donostiarra eta MovieMarket.com Gijon asturiarra neurtuko dira Zumaiako kiroldegiko kantxan.
Gaur gaurkoz, donostiarrak laugarren postuan daude ligako sailkapenean. Aurreko jardunaldian, ordura arte liderra zen Guardes taldeari 26-27 emaitzarekin irabazita bertaratuko dira Zumaiara. Gijondarrak, berriz, sailkapenean azkenak dira jokatutako zazpi jardunaldiak galdu ondoren.
Sarrerak Lubakiko atean izango dira salgai. Helduek 5 euro ordainduko dituzte; Pulpoko bazkideek eta haurrek, berriz, hiru euro.
Partida honekin amaitutzat emango ditu Pulpo Eskubaloiak klubaren 50. urteurreneko ekintzak. Mende erdia bete du aurten Zumaiako eskubaloi klubak, eta udaberritik hona ekitaldi sorta antolatu du urteurren borobil hori ospatzeko.