Astebete igaro da denboraleak eta horrek eragindako uholdeek Valentziako eremu zabal bat txikitu zutenetik. Berrehundik gora lagun hil dira dagoeneko denboralearen ondorioz, eta ehundaka dira oraindik desagertuta daudenak. Lehen unetik jaso zuten Valentziako ordezkari politikoek beste erkidegoetako edo lurraldetako laguntza-eskaintza. Horiek, baina, muzin egin zioten lehen egunetan eskaintza hari. Azken egunetan, ordea, iritzia aldatu dute eta suhailtzaileen zein boluntarioen lana onartu dute.
Euskal Herritik atzo abiatu zen 11 laguneko suhiltzaile talde bat. Horien artean da Juan Moreno zumaiarra. "SMS mezu bat jaso genuen Gipuzkoako Foru Aldunditik, 11 lagun boluntario gisa Valentziara joateko eskatuz. Atoidun bost ibilgailu eraman behar genituen, batez ere, sorgailuak eta ura ateratzeko ponpak garraiatzeko. Garajeak-eta urez beteta zeudelako, laguntza hori eskatu ziguten". Morenoren esanetan, lagun ugari aurkeztu zen boluntario bezala, baina hasiera batean 11 lagun besterik ez zituztenez behar, itxaron zerrenda bat osatu dute, “bigarren talde bat eratzeko aurreikuspenarekin".
Atzo 10:00etan abiatu zen taldea Gasteiztik Valentziara, eta 20:00 aldera heldu ziren hiriaren hegoaldean dagoen Alfarfar herrira. "Valentzia hiriaren hegoaldean dago herri hori", kontatu du zumaiarrak. Herri horretan Ikeak duen saltokiaren aparkalekuan hartu zituzten, eta han igaro dute gaua. "Gurekin batera joan dira DYAkoak ere, eta haiek lo egiteko karpak eta oheak prestatu dizkigute".
Gaur 07:00tan ekin diote lanari, garajeetako ura ateratzeari. "Leku batetik bestera joaten gara, beharren arabera. Gune hori, Turia ibaiaren hegoaldean kokatura dago, eta horixe da kalte handiena jasan duen eremua. Kaleetan ikus dezakezu ura noraino heldu den; bi metroko mailara heldu da hemen", azaldu du.
Zer egoera aurkitu duen galdetuta, hitzik gabe dagoela esan du. "Desastre handi bat da hemen gertatutakoa. Indonesian gertatu zen tsunamiaren parekoa da hemen gertatu dena", dio Morenok. Hala azaldu du: "Suntsipena dago nonahi, hau izugarria da. Gauza bat da hau telebistan ikustea eta bestea lekuan bertan egotea; erabat desberdina da. Telebista bidez ideia bat egin dezakezu, baina hemen ikusten duzunak oilo-larrua jartzen dizu".
Lokatza leku guztietan; garajeak eta etxabeak urez betetan; altzariak, zuhaitzak eta autoak kaleetan. Hori da Morenok aurkitu duena. Pixkanaka, baina, egoera hobetzen ari dela dio suhiltzaileak. "Ari dira janaria eta edariak banatzen. Oraintxe bertan kaleak jendez beteta daude [eskola baten aurrean zegoela erantzun dio Gukaren telefono deiari]: gazteak, helduak ari dira lanean erratzekin, zoru-garbitzaileekin... Denek jarri nahi dute beren aldetik. Herri osoa ari da lanean. Egia da, orain, zerbitzu gehiago ere hurreratu direla, hala nola suhiltzaileak, militarrak eta abar, baina benetan lan egiten ari dena herria da", nabarmendu du.
Herritarren esker ona
Herritarren esker ona jasotzen ari direla nabarmendu du Morenok. "Gaur lanera joan garenean, jendeak esan digu sei egun zeramatzatela inongo laguntzari jaso gabe. Horrek bihotza hausten dizu. Egiten duzun lana eskertu egiten dizute, eta batzuek beren etxeak ere eskaini dizkigute komunera joateko beharra izanez gero, edo kaferen bat edo ogitartekoren bat nahiko bagenu ere. Jendea oso solidarioa da", azaldu du.
Suhiltzailez osatutako 11 laguneko lehen taldearen txanda asteazkenean amaituko da, baina Morenok zehaztu duenez, beren arduradunak bigarren talde bat Valentziara bidaltzea pentsatzen ari dira. "Boluntarioak soberan daude, baina badakizu nola joaten diren gauzak. Hemen jendea oso-oso erreta dago politikariekin. Hemen denbora askorako lana dago. Hona lanera etorri behar duzu; kontua ez da etorri, argazki bat atera eta alde egitea".
(Argazkiak: Juan Moreno)