Une gozoak bizitzen ari da Kauldi Odriozola eskubaloi jokalari zumaiarra. Pasa den udan brontzezko domina irabazi zuen Espainiako selekzioarekin Parisen jokatutako Olinpiar Jokoetan. Irailaren hasieran, berriz, Frantziako Txapeldunen Saria irabazi zuen bere klubarekin, Nantesekin. Klubarekin bina Txapeldunen Sari eta Frantziako Kopa irabazi ditu Odriozolak.
Zumaiarrak Bretainiako klubarekin duen kontratua 2029ra arte luzatuko duela iragarri berri du HBC Nantes klubak. Horretarako, sare sozialetan bideo bat zintzilikatu dute. Bertan, euskaraz eta frantsesez hitz egiten du zumaiarrak.
🔴⚪️ 𝐷𝑒 𝑍𝑢𝑚𝑎𝑖𝑎 𝑎̀ 𝑁𝑎𝑛𝑡𝑒𝑠 🟣🟡
— HBCNantes (@HBCNantes) November 5, 2024
🪡 "𝐇"𝐫𝐞𝐤𝐢𝐧, 𝟐𝟎𝟐𝟗𝐫𝐚 𝐚𝐫𝐭𝐞." pic.twitter.com/31PmceioxN
Hitz hauek esaten ditu Kauldi Odriozolak bideo horretan:
"Zumaia. Hau da nire sorterria: Euskal Herriaren bihotzean, itsasoaren eta mendiaren artean; non tradizioa, ekintza eta keinu bakoitza gure lurraren arima den. Zumaian eraiki nuen nire izaera; frontoien, euskal kantuen eta lurralde harro eta independente baten balioen artean.
2022an Nantesen finkatu nintzenean, beste eskualde zoragarri batekin egin nuen topo, lurra eta itsasoaren artean partekatua. Zure historiak, zure tradizioek eta zure paisaia basatiek egunero gogorarazten didate zein antzekoak diren gure bi lurraldeak. Nantesekoek, euskaldunok bezala, barne indar hori, harrotasun hori eta bere lurraldearekiko lotura sendo hori dute.
Eta hemen, etxean bezala sentitzen naizenez, 'peuple violet'-ekin nire abentura luzatzea erabaki dut, erronka guztiei aurre egiteko prest, Euskal Herriaren energia eta Nanteseko izpiritua alboan izanda.
"H"rekin, 2029ra arte."