'Basoa.wav' proiektua aurki entzun ahal izango da zuzenean eta plataforma digitaletan

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 5a, 16:00

Udal ordezkariak eta Migel Gutierrez, gaur, proiektuaren aurkezpenean. (Maria Maya Manterola)

Ia duela urtebete jaso zuen Migel Gutierrez zumaiarrak udalaren sormen beka. Basoa.wav proiektuarengatik eman zioten laguntza, eta hura garatzen aritu da azken hilabeteotan herriko hainbat musikarirekin. Zuzenekoaren faltan, amaitutzat eman du prozesua.

Migel Gutierrezek iazko abenduan eskuratu zuen Zumaiako Udalaren sormen beka. Basoa.wav proiektua aurkeztu zuen Gutierrezek udalaren deialdira herriko musikariekin sei abestiko diskoa osatu asmoz, eta lan horretan aritu da azken hilabeteotan. Dagoeneko amaitu du proiektua, oraindik abestiak plazaratu ez dituen arren. Aurki entzun ahal izango dira plataforma digitaletan nahiz zuzeneko emanaldi batean. 

Gutierrezek sormen prozesuaren berri eman die gaur udaleko ordezkariei. Herriko musikari andana elkartu ditu, tartean, Intza Martin, Oihana Rodriguez, Manu Aizpurua, Maria Zubimendi eta Jon Maia. Taldeekin ere aritu da Gutierrez, Musika Bandarekin eta Korokoiarekin, esaterako. Musikariekin elkartu, eta hartu-eman horren emaitza da kantuetan bildutakoa, sortzailearen hitzetan. 

"Pozik" agertu da Gutierrez emaitzarekin, hasieran zehaztutako helburuak bete dituela iritzita. Zumaian musika elektronikoaren hedapena sustatzea, musikarien arteko sare berriak sortzea nahiz musika sortu eta esperimentatzeko espazio berriak sortzea dira helburuetako batzuk. Bide horretan, adin desberdinetako musikariekin elkartuta, genero ikuspegia aintzat hartuta eta euskaraz jardun duela ere aipatu du. 

Banaka entzun dituzte gaurko aurkezpenean sei abestiak, bakoitzaren inguruko azalpenak eman ondoren. Gutierrezek azaldu du gehiago sortzen ere hasi dela prozesuan zehar, eta horiek garatzeko tartea hartzea gustatuko litzaiokeela.

Eskerrak eman nahi izan dizkio udalari aukeragatik eta konfiantzagatik, eta nabarmendu du halako laguntzak "beharrezkoak" direla sormen prozesuetan denboran eta baliabideetan inbertitzeko. Plataforma digitaletan nahiz zuzenean entzuteko zain dira orain.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide