Zumaian ere nagusi izan da Bera Bera eskubaloi taldea

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 6a, 09:30

Super Amara Bera Bera taldeko jokalari bat erasoan, atzo Lubakin jokatutako partidan. (Bera Bera)

26-19 emaitzarekin irabazi zion atzo Super Amara Bera Bera taldeak Gijongo Moviemarket.com klubari, Lubaki kiroldegian jokatu zen Espainiako eskubaloi ligako zortzigarren jardunaldian.

Era ezin hobean amaitu du Pulpo Eskubaloiak bere 50. urteurrenaren bueltan antolatutako ekitaldi sorta. Atzo arratsaldez Espainiako eskubaloi ligako lehen mailako partida hartu zuen Lubaki kiroldegiak. Donostiako Super Amara Bera Bera eta Gijongo Moviemarket.com taldeak neurtu ziren Zumaiako kiroldegian. 

Donostiarrak nagusituko zirela aurreikusita zegoen. Izan ere, Bera Bera laugarren zen sailkapenean partida jokatu aurretik, eta gijondarrak azkenak, zazpi jardunaldi jokatuta puntu bat bera lortu gabe. Eta hala izan zen. Gipuzkoarrak erraz nagusitu ziren ligako zortzigarren jardunaldiari hasiera eman zion norgehiagokan. 

Asturiarrak gai izan ziren partidako lehen minutuetan donostiarren erasoei eusteko, baina jokoan abiadura sartuta, eta defentsa eta erasoko konbinazio azkar batzuei esker, aurrea hartu zuen Bera Berak markagailuan. Atsedenaldira 14-9 aldeko emaitzarekin joan zen atzo etxean jokatzen zuen taldea. 

Bigarren zatiko lehen uneetan zalantza batzuk izan zituzten donostiarrek, eta Gijongo taldea hiru golera hurreratu zen markagailuan (17-14). Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek eskatutako hutsartearen ondoren, Super Amara Bera Berak pilak jarri zituen, eta erasoko joko azkarrari esker, aldea zabaldu zuen markagailuan. Amaieran, 26-19 emaitzarekin irabazi zuen partida-

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide