Bihartik eskuratu ahal izango dira ErrotaHerriaren kanpaina berriko bonoak

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 6a, 13:30

ErrotaHerria kanpainako bonoak, artxiboko irudian.

Turismo Bulegoan izango dira salgai Gertuk eta udalak jaulkitako bonoak. 30 euro ordainduta eskuratu ahal izango da bakoitza, eta 40 euroko kostua egiteko erabili, urtarrilaren 6a baino lehen. 

Bueltan da berriz ere ErrotaHerria kanpaina. Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei bultzada emateko, bono sistema berria abian izango da bihartik Zumaiako Udalaren eta Gertu merkatari elkartearen eskutik. Lehenago egin bezala, oraingoan ere 30 euroren truke 40 euroko balioa duten 1.000 erosketa txartel jaulkiko dituzte, eta kanpainaren bitartez, herriko establezimenduetan 40.000 euroko inpaktu zuzena edukitzea aurreikusi dute.

Bihar goizetik aurrera erosi ahal izango dituzte bonoak herritarrek Turismo Bulegoan bertan. Bono bakarra eskuratu ahal izango du h bakoitzak, eta beraz, identifikazio dokumenturen bat erakutsi beharko da erosterakoan. 2025eko urtarrilaren 6ra bitartean erabili ahal izango dira txartelak kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Jarduera ekonomiko bakoitzak, gehienez, 5.000 eurora arteko balioa arte onartu ahal izango ditu bonoak, eta behin zifra horretara iritsita, ezingo dira establezimendu horretan erabili. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide