Bi film emango dituzte asteburu honetan ere Zumaiako Aita Mari zinema aretoan. Helduek Los destellos lana ikusi ahal izango dute; haurrek, berriz, Una familia monstruosa animaziozko filma. Emanaldietarako sarrerak salgai daude sarrerakzumaia.eus webgunean.
Pasa den irailean egin zen Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zuten Los destellos, Pilar Palomero zinemagile aragoitarraren azken lana. Eider Rodriguezen ipuin batean oinarritutako filmak harrera oso ona izan zuen, eta han egindako lanagatik aktore onenaren saria jaso zuen Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarrak.
Isabelen papera egiten du Lopez Arnaizek film honetan. Haren bizitza irauli egingo da bere alaba Madalenek eskatzen dionean Ramoni –gaixorik duen aitari– aldizka bisitatzeko. Hamabost urtez senar ohiarengandik urrun egon denez, eta luzaroan familia izan baziren ere, ezezaguna egiten zaio gaur gizona; alabaina, jada gainditutzat jotako erresuminak berpiztuko zaizkio Isabeli. Hala ere, Ramoni bere unerik zaurgarrienean laguntzean, Isabelek beste begi batzuekin ikusiko du aspaldi bizitako porrota eta oraingo bizitzan jarriko du arreta.
Los destellos gaur, bihar, eta etzi emango dute Aita Marin, 19:30ean.
Igande arratsaldean, berriz, 17:00etan hasita, Una familia monstruosa animaziozko lana emango dute. Honakoa da haren trailerra: