Valentzian (Herrialde Katalanak) gertatutako uholdeetako kaltetuen aldeko elkartasun ekimenak gehitzen ari dira herrian. Urola Kostako Kontseilu Sozialistak ere bere alea jarri nahi dio, eta material bilketa egingo du etzi, larunbatez, Aita Mari auzategiko Etxape zentro sozialistan.
Goizeko 10:00etan zabalduko dute lokaleko atea. Bilduko duten materiala higiene pertsonalerako produktuak, botikinerako sendagaiak, linternak, lo zakuak, musukoak, eskularruak eta bestelako gaiak izango dira.
Denboraleak eragindako desastrearen inguruko irakurketa ere egin nahi izan dute. Hala, kontseiluko kideen esanetan, hondamendiak erantzule zuzenak ditu: "langile klasea
babesteko neurriak hartu beharrean, politikari eta enpresariek negozioaren aldeko neurriak hartu dituzte. Esaterako, alarma egoeran herritarrak lanera joatera behartu dira beraien bizia arriskuan jarriz, eta ekaitzaren ondoren ere ez dira jarri beharrezko baliabide guztiak desagertuak aurkitzeko eta ekaitzak sortutako krisiari aurre egiteko".
Oharrean gainerat dutenez, Valentziakoa bezalako muturreko egoeratan "ikusten da argien estatu burgesak beren pribilejioak bermatzeko eginda daudela, eta ez langileen biziak babesteko. Gainera, kapitalismoak eragindako beroketa globalak muturreko fenomeno meteorologiko hauen maiztasuna areagotuko du".
Hori guztia salatzeko manifestazioa konbokatu du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak bihar arratsalderako. Bilbon egingo dute, 18:30etik aurrera.