"Zumaiako beteranook aurten lehen aldiz jokatuko dugu Santurtziko traineruen bandera. Nire sorterrian. Estropada bukatuta, oraindik adrenalina bor-bor, (...) han ikusi ditut moilan: gurasoak, Joxan entrenadore zaharra, garai hartako Soterazaleak... orduko emozioak eta oraingo malkoak nahastuta. Hunkigarria izan zait oso. Santurtzitik etxera etorrita, segapotoa hartu eta Whatsappa bidali diet traineruko tostakideei:
Nerabeak ginela, arraun klubeko aldagelan sartu baino lehen, sarri, Joxan gure entrenadoreari kanpoan itxoiten genion, bera noiz etorriko irrikan. Han agertzen zen bere bizikleta zaharrean, fabrikatik zuzen-zuzenean arraun elkartera. (...) Heldu bezain laster lanean hasten zen: orain skiffaren neurriak aldatu, orain kuatrokonen matxura konpondu, traineruko toleten altura egokitu, gure entrenamendua zuzendu, asteko plangintza aurreratu... dena musu truk.
Pertsona maitatuak ginela sentiarazten zigun, eta arraunlari estimatuak. Eta guk, ondorioz, maite genuen zinez. Estropadan, bihotz taupadak jada kronoaren orratzen artean kabitzen ez zirenean, oxigenoa esku eta hanketako giharretara ailegatzen ez zenean, (...) barne ahots sendo batek suspertzen gintuan: "Joxan, garaipen hau zuretzat!". Eta hurrengo palakada luze eta sakona egiten genuen, (...) helmugara iritsi arte. Inoiz, aurrena; inoiz, bigarren... Gazteak ginenez, sentimenduak azaltzeko lotsatiak ginen eta inoiz ez genion zuzenean esan Joxani guretzat zenbateraino zen inportantea. Gaur, berriz, estropadan ahots nerabe hura aditu dut, garden, neke itogarriaren gainetik: "Nika, bandera hau hiretzat" eta helmugaraino joan gara, abia ederrean. Adinaren ajearen lotsa galduta, orain bai, esaten ausartzen naiz: esker onak eta maitasunak zenbat tiratzen duten arraunetik".
Zumaiako arraunlari beteranoak hori dena kontatu berri dit niri, Orioko arraunzale honi. Eta haren hitzak hunkigarriak egin zaizkit. Ez nago ohituta arraun giroan holako sentimenduz jantzitako hitzak entzuten, are gutxiago euskaraz, eta gutunen txoko honetara ekartzea erabaki dut, esker onaren eta maitasunaren gorazarre.