Zumaiako leku desberdinetan bizi diren kaleko katu koloniak kontrolatzeko eta elikatzeko hitzarmena sinatu dute aste honetan Zumaiako Udalak eta herrian eratu duten Zumiauka elkarteak. Horren bidez, legeak ezartzen dituen betebeharrak beteko ditu udalak. Izan ere, ohar bidez zabaldu dutenez, udalak dira beren herrietako mugen artean identifikatutako eta abandonatutako animalien arduradunak, eta "kudeaketa hori animalien HEMI/CER metodoa aplikatuz egin beharko dute (harrapaketa, antzutzea, markaketaeta itzulera)".
Animalia horiei elikadura egokia eta babesleku onak ematea ere udalen ardura dela nabarmendu dute aipatu oharrean. Bestalde, katu kolonia kontrolatuak eta babestuak dauden tokiak behar bezala seinleztatuta egon behar dutela ere jakitera eman du udalak, baita katu horiek elikatzeaz arduratzen diren pertsonei dagokien egiaztagiria emango diela ere.
Udalak eta 2023an sortu zuten Zumiauka elkarteak sinatutako hitzarmenaren arabera, azken horiek arduratuko dira kaleko katuak antzutzera eramateaz nahiz horiek elikatzeaz, eta horretarako udalaren finantziazioa jasoko dute. Hori dela-eta, herritarrei eskatu diete kaleko katuak beren kabuz ez elikatzeko, eta lan horietan aritzeko gogoa izanez gero, elkarteko kideekin harremanetan jartzeko.