Mitxel Aizpurua: "Izan ditudan lanen artean, garbigunekoa dut gustukoena"

Ihintza Elustondo 2024ko aza. 10a, 09:00

Ilustrazioa: Ainhoa Caporossi | La veceria.

Urola Kostako Udal Elkarteko langilea da Mitxel Aizpurua; Orioko, Zarauzko eta Zumaiako garbiguneetan aritzen da. Hondakinak sailkatzea eta horiek aplikazio batean erregistratzea da haren egitekoa. "Oso lan ederra" dela nabarmendu du, eta jendearekin harremanetan egotea dela gehien atsegin duena.

Urriko Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako erretratua da honakoa.

Magisteritza ikasi zuen, eta pare bat urtez irakasle lana egin bazuen ere, zailtasunak agertu zitzaizkion bidean, eta zerbitzari lanetan hasi zen. Ofizio hori denboraldi baterako izango zela uste zuen, baina, azkenean, hogei urte egin zituen tabernari. Tartean, beste lan batzuk ere probatu zituen: banketxean, tailerrean... aritu zen. Eta zeinek esango, 50 urte betetzeko asko falta ez zitzaiola ezagutu zuen benetan atsegin duen ogibidea: "Izan ditudan lan guztien artean, garbigunekoa dut gustukoena", dio Mitxel Aizpuruak (Zumaia, 1963).

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) hiru garbigune kudeatzen ditu –Oriokoa, Zarauzkoa eta Zumaiakoa–, eta hiruretan jarduten du lanean Aizpuruak. Ez da langile finkoa, baina besteen ordezkapenak egiten ditu, tokatzen den lekuan. Duela hamahiru urte hasi zen lanbide horretan. "Zerbitzari lanetan ari nintzela, jakin nuen UKUEk bi postu oposiziora atera behar zituela, eta aurkeztu egin nintzen. Lan poltsan gelditu nintzen, eta handik denbora batera deitu zidaten". Denboraldi baterako lana izango zelakoan hasi zen zumaiarra, baina gaur arte hantxe jarraitu du. "Jubilatu arte lan honetan jarraitzea da nire esperantza", esan du. 

Zerbitzari izatetik garbiguneko lanetara igaro izana "aldaketa handia" izan zela adierazi du Aizpuruak, baina nabarmendu du "onerako" izan zela aldaketa hori, batez ere ordutegi aldetik: "Ordutegi hobea, asteburuak libre...". Hasieran "ziurgabetasuna" sentitu zuela aitortu du, lanbide berria zelako, baina denborarekin eginkizunak ondo barneratu dituela eta "oso-oso gustura" dagoela azpimarratu du. 

Hondakinak bai, zikinkeriarik ez

Jende askok pentsa dezake hondakinekin lan egitea ezin daitekeela izan erakargarria, baina Aizpuruak ukatu egin du hori. "Egia da zaborrarekin lan egiten dugula, baina ez da batere lan zikina. Norbaitek ordenagailuaren pantaila bat ekarri badu, adibidez, zaborra da, ez duelako balio, baina ez da batere eginkizun zikina eta zaila ordenagailu hori bere lekuan lagatzea. Badaude zikinagoak edo arriskutsuagoak diren beste hondakin mota batzuk, baina, oro har, nahiko lan garbia da gurea". Alde onik ere bilatzen dio bere ogibideari Aizpuruak: "Onena da jendearekin harremanetan nagoela egunero", dio.

Bere eguneroko lana zertan datzan azaldu du. Jendea garbigunera bertaratu ohi da hondakinak eramatera, eta Aizpuruak laguntzen dio haietako bakoitzari horiek nora eraman behar dituen esaten; batzuetan berak ere eramaten ditu hondakinak dagokion edukiontzira. Hondakin bakoitza bere tokian kokatu dela ziurtatu behar du, eta, gainera, horien erregistro bat egin ahal izateko, sakelako telefonoko aplikazio batean apuntatu behar izaten du zer hondakin jaso diren garbigunean. Irteerak ere kudeatu behar izaten ditu; edukiontziak betetzen ari diren heinean, abisatu egin behar du horiek erretiratzeko. Horri lotuta, jende askok buruan ideia okerra duela aipatu du: "Batzuek uste dute birziklatzeko planta dugula garbigunean, baina ez da hala. Guk hondakinak jaso eta sailkatu egiten ditugu, eta, edukiontziak betetzean, atera egiten ditugu birziklatze plantara eramateko". Horren harira, garbigunea "pasoko leku bat" dela azpimarratu du.

Lana ez dela bereziki zaila dio, baina jendea pilatzen denean sortu ohi zaizkio, tarteka, buruhausteak: "Zailtasunak sortzen dira jendea pilatzen denean. Batzuetan lauzpabost pertsona batera etortzen dira; jendea presaka ibiltzen da, eta pentsatzen dute zaborra botatzea azkar egin beharreko gauza bat dela. Batzuetan esaten diet: 'Eroskin bezala, hemen ere zain egon behar izaten da. Jarri ilaran, eta itxaron pixka bat'", kontatu du. Dena den, oro har, jendea "oso adeitsua" dela dio. "Etortzen den pertsona bakoitzarekin bost minutu inguruko hartu-emana izaten dut normalean, eta ez du haserretzeko astirik ere ematen", esan du barre artean.

Norbanakoek eraman ditzakete etxean sobran dituzten hondakinak garbigunera, baina horiez gain, baita gremio txikiek ere. Horregatik, jaso ohi dituzten hondakin ohikoenak zein diren galdetzean, obra hondakinak eta egurra jasotzen dituztela gehien nabarmendu du. Norbanakoek, bestalde, gailu elektrikoak eraman ohi dituzte gehien, Aizpuruaren arabera. Tarteka gauza bitxiak jasotzea ere tokatu ohi zaie: "Txalupa handi bat ekarri zigun behin batek, eta hildako katu bat ere bai beste batek".

Berrerabilpena sustatzen

Garbigunera hondakinak eramateaz gain, handik jasotzeko aukera ere badago, Aizpuruak gogora ekarri duenez. Orioko eta Zumaiako garbiguneetan badago horretarako aukera, baina Zarautzen ez; kendu egin zuten zerbitzu hori. Bi herri horietan, herritarrek aukera dute garbigunera joan eta etxean zerbait behar dutela jakinarazteko; langileek apuntatu egiten dute eskaera, eta elementu hori garbigunera iristean herritarrarekin harremanetan jartzen dira. Adibide bat jarri du: "Imajinatu garbigailua izorratu zaizula eta behar duzun pieza jada ez dagoela merkatuan; kasu horietan, jendea etortzen da guk ba al daukagun galdetzera". Aizpuruak jakinarazi duenez, Zarauzko garbigune berrian ere badute zerbitzu hori martxan jartzeko asmoa: "Berrerabilpena sustatzeko gune bat jartzeko asmoa dutela jakinarazi ziguten, herritarrek erabiltzeko aukera izan dezaten".  Zumaiarrak uste du oraindik herritarrek ez dakitela aukera hori badagoenik, eta horregatik askok ez dutela gauzak eskatzera joateko ohiturarik. Dena den, gustatuko litzaioke berrerabilpenaren bide hori pixkanaka indartzen joatea. 

61 urterekin, erretiro eguna gero eta gertuago, ofizio horretantxe jubilatzearekin amesten du Aizpuruak. "Oso lan ederra" duela garbi adierazita, berretsi egin du baieztapena: "Esan dezaket probatu ditudan lan guztien artean garbigunekoa dudala gustukoena, dudarik gabe. Askotan ez dugu jakiten non bilatuko dugun gustuko ofizioa". 

  • Adina: 61 urte.
  • Ikasketak: Magisteritza.
  • Lanbidea: Garbiguneko langilea.
  • Garbiguneko langilea ez banintz… Agian, horretarako gehiago prestatuta, irakasle izango nintzatekeen. 
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… Nekatuta baldin banago, etxera joan eta irakurtzea. Bestela, buelta bat ematea, zinemara joatea, argazkiak ateratzea... Afizio asko ditut. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide