Eneko Carretero eskalatzaile zumaiarrak boulderreko Espainiako Kopa irabazi du asteburuan Jakan (Espainia) jokatu den kopako hirugarren eta azken proba irabazita – lehenengo proban, bigarren izan zen Cuencan eta bigarren proban, Mostolesen, garaile–. Boulderreko Espainiako Txapelketa ere jokatu da, eta hirugarren sailkatu da hor. Dena den, Carretero ez da albiste izan garaipenagatik bakarrik; izan ere, Berria egunkariari azaldu dioenez, ez du gehiago lehiatuko.
Sekulako curriculuma dauka 23 urteko eskalatzaile gazteak: 18 urtez azpiko munduko txapeldunorde izan da, baita zailtasuneko eta boulderreko Espainiako txapeldun ere bi aldiz.
Lehiaketak utzi arren, ordea, ez dauka eskaladari agur esateko inolako asmorik. Hala, harkaitzera ateratzeko eta proiektu gogorrak probatzeko gogoz dela esan dio Berriari; eta txapelketetako bideak ekipatzeko lanetan ere hasi nahi duela kontatu dio.