Barandikak eta Lopezek, Jai Alai ligako irabazleek, ezin izan diote hasiera ona eman aurtengo Winter Series txapelketari. Atzo arratsaldez jokatu zuten txapelketako hirugarren jardunaldia, lehena gernikarrarentzako eta zumaiarrarentzako, eta partida irabazteko faborito gisa atera baziren ere, gogotsu kantxaratu ziren Urreisti eta Sorozabalek lortu zituzten jokoan zeuden puntuak.
Partida hasi eta amaitu arte, sendoago, seguruago eta hobeto aritu ziren mutrikuarra eta lapurtarra. Lehen jokoan, hasieratik jarri ziren aurrean, eta atsedenaldira 8-4 aldeko emaitzarekin joan ziren. Aldageletatik bueltan, aldea sei tantora zabaldu zuten (10-4), eta Barandika eta Lopezek hirura hurreratzea lortu bazuten ere (13-10), azken biak bikote gaztearentzako izan ziren (15-10).
Bigarren jokoa bide beretik joan zen, eta bizkaitarra eta gipuzkoarra markagailuan aurrean jarri baziren ere (0-2, 2-4), Urreisti eta Sorozabal agintzen jarri ziren, baita markagailuan aurretik jartzen. Hala heldu ziren jokoaren amaiera (15-11).
Haurren erakustaldia
Antolatzaileek Zumaiako zesta punta eskolako haurrak gonbidatu zituzten partida ikustera. Ez hori bakarrik, partidaren atarian eta bi jokoen arteko atsedenaldian Gernikako frontoiko kantxara atera eta erakustaldi txiki batzuk egiteko aukera izan zuten. Nekez ahaztuko dute atzo bizitakoa.