Zumaiako Udalak lizitaziora atera du erakundearen menpekoak diren kirol instalazioetako zerbitzuen kontratua. Urriaren 31n gauzatutako udalbatzarrean erabaki zuen udalbatzak aho batez hainbat kirol zerbitzuren kontratazioa lizitaziora ateratzea, eta dagoeneko zabaldu dute eskaintzak aurkezteko epea. Zehazki, abenduaren 5ko 15:00etan bukatuko da horretarako epea.
Zerbitzuen kontratuak 2.846.125,28 euroko balioa du, eta urteko gehieneko aurrekontua 860.952,89 eurokoa izango da, BEZ barne. Lizitaziora atera duten zerbitzuaren barruan sartzen dira, besteak beste, udalaren kirol instalazioetako jarduerak, harrera, instalazioen garbiketa, mantenua, igerilekuko sorospen zerbitzua, administrazioa eta koordinazioa.