Eneko Carretero: "Presiorik gabe eskaladan aritzeko gogoa dut aurrerantzean"

Mireia Galarza Bastida 2024ko aza. 12a, 16:26

Eneko Carretero. (Guka)

Ia bizitza osoa eskaladan lehiatzen egon ostean, txapelketen mundua utziko du Eneko Carreterok (Zumaia, 2001). Agurrak beti izan ohi dira gaziak, baina zumaiarrarenak izan du gozotik. Izan ere,  boulderreko Espainiako Kopako garaile izan da asteburuan, eta Espainiako Txapelketan ere podiumera igo da, hirugarren postuan. «Gustura» dago lortutako azken emaitzekin

Eskaladako txapelketak uzteko erabakia hartu duzu. Zergatik hartu duzu erabaki hori?

Azkenean gauza asko dira. 6 urte nituela hasi nintzen txapelketetan, eta jada pixka bat nekatuta nengoen, batez ere, mentalki. Asko tokatzen zitzaidan kanpora bidaiatzea, eta horrek ere neke bat suposatzen zidan. Azken bi urtetan ez horrenbeste, baina jubeniletan ia urte osoa igarotzen nuen etxetik kanpo. Gainera, nazioarteko bidaiak baldin baziren, guk geuk ordaindu behar genituen, eta horrek geroz eta gehiago pisatzen zidan. Azken finean, ilusioa galduta nuen.

Ilusiorik gabe, zailagoa da bidea, ala? 

Bai. Adibidez, txapelketak gaizki jokatzen banituen, eragin negatibo bikoitza zuen nigan, eta hor pentsatu nuen ez zuela merezi horrela jarraitzeak. Pisu hori gainetik kendu nahi nuen, eta pauso hau emanda uste dut lortu dudala. Egia esateko, aspalditik neukan kontu hau buruan, lagunei ere askotan komentatzen nien utzi egingo nuela, baina aurten inoiz baino ziurrago nuen erabakia hartuko nuela. Beti da zaila, are gehiago hain txikitatik mundu honetan ibilita, baina presiorik gabe eskaladan aritzeko gogoa dut aurrerantzean.

Txapelketak utzi bai, baina eskalatzen jarraituko duzu han eta hemen, ezta? 

Noski. Harkaitzetara joateko motibazioa dut, Euskal Herrian bide polit eta gogor asko daude, baita nazioartean ere, eta leku horietan eskalatzeak arreta pizten dit. Motibatuta nago leku horiek bisitatzeko, bide horietan eskalatzea ere gogorra da, baina saiatuko naiz ondo egiten. Ateratzen bada ondo, eta bada ateratzen ere ez daukat presio hori. Horretaz gain, txapelketetako bideak ekipatzeko lanetan ere aritzeko asmoa dut. Espainiako probetan laster hasiko naiz ekipatzaile, eta nire helburuetako bat nazioarteko probetan ekipatu ahal izatea da.

Kanpora laister aterako zara, ala hemendik gertu ariko zara eskalatzen?

Nik uste dut momentuz, behintzat, hemen inguruan hasiko naizela, lanarekin uztartzeko. Hala eta guztiz ere, kanpora ateratzeko asmoa ere badut, hala nola Suitza edo Amerikako Estatu Batuetara. Leku horietan badaude oso bide ezagunak, eta horiek egitea gustatuko litzaidake.

Jacan eman diozu amaiera txapelketen bideari, garaipen bat eta hirugarren postu bat lortuta. Nolako asteburua izan da?

Intentsitate handikoa izan da. Behin etapa honi amaiera emango niola erabaki nuenean, saiatu nahi nuen denboraldia ondo amaitzea, bai kirolari moduan eta bai pertsonalki lasai geratzeko. Beti egin daitezke gauzak hobeto, baina oso oso gustura nago lortutako emaitzekin. Gainera, hunkigarria izan zen, lagun asko, familia, neska... etorri zirelako ni babestera asteburuan, eta horrek ere bereziagoa egin zuelako momentua. Pentsa, urte askoan lehiatzen ibili naizen eskalatzaile asko ere bertan zeuden. Oso polita izan zen. 

Espero al zenuen horrela amaitzea? 

Egia esateko, amaitu dudana baino hobeto amaitzea oso zaila izango litzateke. Gainera, aurtengo denboraldian inoiz baino hobeto sentitu naiz, eta horrek ere lagundu asko lagundu dit emaitza lortzen. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide