Herri lanketa egingo dute azaroaren 23an, euskararen plan estrategikoa zehazteko

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 14a, 15:00

Oxforden egindako lan mahai bateko irudia. (Zumaiako Udala)

Hurrengo larunbatean egingo dute saioa, goizeko 10:00etan hasita, eta interesdunek aurrez izena eman beharko dute. 

Hurrengo 10 urteetarako euskararen plan estrategikoa diseinatzeko prozesua hurrengo fasean sartuko da. Pasa den asteartean Oikian egin zuten lan-mahaiarekin amaitu zuten diagnostiko fasea, eta aurrera begira jarriko dira orain, norabidea zehazteko.

Horretarako, saio irekia antolatu dute hurrengo larunbaterako, hilaren 23rako. Goizeko 10:00etan elkartuko dira Alondegiko Oxford aretoan, eta 'nora goaz?' galderari erantzungo diote bertaratuko direnek. Antolatzaileen esanetan, plan estrategikoaren helburuak eta ekintzak zehaztuko dituzte, formatu dinamikoan.

Saioan parte hartu nahiko duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute. Horretarako, euskara@zumaia.eus posta elektronikoko helbidera idatzi dezakete, 943-86 50 26 (616 luzapena) telefono zenbakira deitu, eta honako formularioa bete. 

Euskara plan berria zehazteko prozesua irailean abiatu zuten. Lehen fasean, galdetegi bat erantzutera gonbidatu zituzten herritarrak, eta 280 erantzun jaso zituzen. Gero, hamar lagun elkarrizketatu zituzten euskararekin zuten harremana eta beren ikuspuntua ezagutzeko, eta ondoren bost lan mahai egin zituzte; hezkuntza eta familia, kultura, kirola eta arlo sozioekonomikoa landu dira lau saiotan. Bosgarrena, berriz, Oikian egin zen. Guztira, 65 lagunek hartu zuten parte mahai hauetan. Orain, datu horiekin guztiekin diagnostiko txostena osatuko dutela azaldu dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide