Zumaiako Osasun Zentroko egoera hobetzeko eskatu dute beste behin ere herritarrek

Juan Luis Romatet

Eguerdian egin dute elkarretaratzea anbulatorio aurrean. (Juan Luis Romatet)

Dozenaka herritar bertaratu dira Zumaiako Osasun Zentroa Zuopa plataformak deitutako elkarrataretzean parte hartzera. Urritik hona egoerak okerrera egin duela salatu dute plataformako kideek. 

Zumaiako Osasungintza Publikoaren Aldeko plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Zumaiako anbulatorioaren aurrean. Plataforma honek deitutako beste ekintzekin gertatu bezala, herritarrek bat egin dute deialdiarekin, eta dozenaka lagun bildu dira Osasun Zentroaren aurrean bertako eskaintza hobetzeko eskatuz. 

Pasa den urritik hona egoera okertu egin da Zumaiako anbulatorioan. Une hartan bost sendagile eta bi pediatra zeuden lanean Zumaian, eta medikuetako batek erretiroa hartu du. "Oraindik urrun gaude gure osasun-zentroan arreta egokia eta egonkorra bermatuko duen konponbide iraunkor batetik. Pandemia baino lehen, Zumaiak sei mediku zituen, eta azken erretiro honen ondoren, bi plaza bete gabe daude oraindik"..

Egoerak hobera egin arte hileroko elkarretaratze eta ekintzekin jarraitzeko borondatea azaldu dute plataformako kideek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide