Orroaga eta Santiagoren ondoren, gaur goiz partean Itzurun hondartzan pilatutako hondakinak jaso dituzte. Itsas Zaintza Sareak deitu du ekintza hau, eta herriko jendeaz gain, izan da beste lekuetatik bertaratutako jendea ere.
Eguraldia ez dute lagun izan, baina agian horregatik hurreratu dira guraso batzuk beraien seme-alabekin garbiketa ekintza honetan parte hartzera. "Hondartza hau gure parte da, eta garbi edukitzea nahi dugu", azaldu du herritar batek garbiketari ekin aurretik. "Ordu asko pasatzen ditugu hemen eta ikusten dugu zenbat hondakin sortzen den. Gutxi bada ere egiten duguna ondo dago", gaineratu du beste batek.
Hala, eskularruak eta trapozko zakuak eskuetan, Itzurunen barrena zabaldu dira olatuek itsasertzera eramandako hondakinak jasotzera. Bezperan izandako jai giroko botila eta plastikozko edalontziez gain, plastikozko zati txikia eta arrantzako sare eta pitak ere bildu dituzte.
Behin lehorrean, hondartza gainean, "hondakin horiei izen-abizenak" jarri dizkiote, Mater museoko teknikariak azaldu duenez. Hondakinak sailkatu dituzte, eta horren ondorioz jasotako datuak instituzioei emango dizkiete jarraian.