Komunitatean hausnartzeko hitzaldi sorta antolatu du Erkibek

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 18a, 11:45

Gurutz Linazasoro. (Gipuzkoako Poliklinika)

Eskotilla ireki izenburupean bi hitzaldi izango dira udazkenean. Azaroaren 22an eta abenduaren 4ean izango dira, eta buru osasuna izango dute ardatz bi hizketaldiek. Aurrerago solasaldi gehiago izango direla ere iragarri dute.

Komunitatean elkarrizketa piztu eta hausnarketa nahiz ekintza sustatzeko hitzaldi sorta antolatu du Erkibe kultur elkarteak. Eskotilla ireki izena jarri diote hitzaldi zikloari, eta udazkenean bi saio izango direla iragarri dute; biak ala biak, buru osasunaren bueltan. Hala, gizabananakoen eta taldearen buru osasuna ulertzeko eta hobetzeko erak partekatu nahi dituzte.

Ostiralean izango da lehena, azaroaren 22an. Javier Elkarte neuropsikologoak eta terapeuta emozionalak eskainiko du Osasun mentala gizarte nahasi batetan. Ondare zaila gure gazteentzat hizketaldia, 18:00etatik aurrera Oxford aretoan. Iruñeko Vitaliza Osasun Institutuaren sortzaile eta zuzendaria da Elkarte, Bio eta Neurofeedbacken Espainiako Elkartearen sortzailea eta EMDR aholkularia izateaz gain. 

Abenduaren 4an, berriz, buru osasunaren arloan izan diren berrikuntza zientifikoak izango ditu hizpide Gurutz Linazasorok. Parkinson gaixotasunean eta gaixotasun neurodegeneratiboetan espezializatutako neurologoa da, eta Gipuzkoako Poliklinikako Alzheimer eta Parkinsonerako Terapia Aurreratuen Programaren zuzendaria eta Vivebiotecheko Presidente Exekutiboa. Saio hau 18:30ean izango da, Oxforden. 

Memoria kolektiboaz ere bai

Hirugarren saio bat ere antolatu nahi dute Erkibekoek: Memoria kolektiboa: gizarte-kohesioari eta komunitateen ongizate emozionalari ekarpena. Agenda arazoak tarteko, ordea, ezin izan dute hitzordua itxi, eta aurrerago jakinaraziko dute data zehatza. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide