Nola sortu da Zumaiara ekarri duzuen erakusketa?
Myriam Gesalaga: Harriak urtu proiektuarekin 2021eko amaieran hasi ginen. Algorrira egindako bisita batekin hasi zen, eta orduan ez genekien bion arteko erakusketa bihurtuko zenik. Victorrek Mexikotik flyscharen inguruko interesa erakutsi zuen. Ni Zumaian bizi nintzenean –zortzi urtez bizi izan nintzen Zumaian– sarritan joaten nintzen hara argazkiak ateratzera. Gero, tailerrean hiru urtez egon gara lanean eta azkenean, kasualitatez-edo, bion lanak batera ikusita, pentsatu genuen hemen zerbait gertatzen ari zela, bazegoela konexio bat edo barne konbertsazio bat lanen artean, eta hor erabaki genuen batera lan egitea.
Beraz, esan daiteke hiru urteko prozesu baten emaitza dela erakusketa hau.
Victor Rios: Azken finean, topo egin genuen. Ez da planeatuta zegoen zerbait. Mexikotik ikusi nituen Internet bidez flyscheko irudiak; ez nekien zehazki Zumaia non zegoen, nola heldu nintekeen hara, ez ezer. Bizkaira etorri nintzen, Balmasedan egin zen sariketa batetara, Open Portfolio izenekoa. Myriamek ere han parte hartu zuen, eta han ezagutu ginen. Bilbotik Zumaiara joatea erabaki nuen, hasiera batean bakarrik, baina grabatuaren mundu honek komunitatea sortzen du, beste artistekin lotura bat. Haiek ekarri ninduten hona. Argazkien bilduma atera nuen, eta harekin hasi nintzen lanean. Bilbon, unibertsitatean geundela, lehiaketa batera bidaltzeko argazkiak ateratzen ari ginela, Myriamen eta nire lan bana jarri genituen bata bestearen alboan, ikusi genuen zerbait zegoela han, eta lanean hasi ginen, bakoitza bere prozesuarekin. Bakoitzak bere interesak zituen, baina bazegoen konexio bat edota kointzidentzia puntu batzuk.
Harria urtu izena jarri diozue erakusketari. Zer espresatu nahi izan duzue horrekin?
M.G.: Erakusketarekin batera atera de izena, baina ikusten genuen harria elementu komun bat zela bion lanean. Harria elementu inerte eta solido bezala ikusten dugu, eta hari lotzen dizkiogun baloreak ‘urtu’ horrekin iraultzen ditugu, lan egiten dugun esparrua mugatuz. Victorren lanek, baita nireek ere, badute zerbait jariakorra. Harria jariakor egitea badirudi ezinezkoa dela, baina bion lanak ikusten dituzunean, ideia hori norberaren buruan bat etortzen da.
Erraza izan al da bion lanak erakusketa batean bateratzea?
M.G.: Tailer berean egiten dugu lan. Orduan, ikusten dugu bakoitza zer lan ari den egiten. Elkarrizketa asko ere badaude. Ez da batere behartua izan; hala gertatu da eta formatu horretan bukatu du. Gero, gainera, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren fakultatean ginela, Ismael Manterolak esan zigun denbora zela grabatuen inguruko ezer ez zela egin Oxford aretoan, eta zerbait antolatzeko prest zegoela. Horrekin lanean genbiltzan garai hartan eta ikusi genuen ia prest genuela gure lanketa. Oso gustura gaude areto honetan. Hau guztia Zumaian sortu izana, eta gure arteko lehen erakusketa Zumaian izatea oso koherentea eta polita egiten zaigu. Ez da Zumaiara etortzea, Zumaiara itzultzea suposatzen du.
Erakusketa hau ez da prozesuaren amaiera, ezta? Elkarren artean lan egiten jarraitzeko asmoa ba al duzue?
V.R.: Hori da ideia. Erakusketa honen aurretik kolaboratu izan dugu beste proiektu batzuetan. Nazioarte mailako grabatu-proiektu batean nenbilen, eta 2019an lehen aldiz Euskal Herrira etorri nintzenean konturatu nintzen grabatua egiten zuten artista on asko zeudela hemen, eta eskutan nuen proiektu hartara batu zen Myriam. Gerora, parte hartu izan dugun sariketetara batera bidali ditugu lanak, eta erakusketa kolektiboetan ere parte hartu izan dugu beste artista batzuekin batera. Baina, ikusi genuenean antzekotasun bat zegoela gure lanen artean, proiektu komun bat aurrera eramatea pentsatu genuen. Uste dugu ez dela hemen bukatuko.
M.G.: Ez da kontua agortu egin dela; hau honaino heldu da, baina jarraipena eman diezaiokegu. Badirudi erakusketak amaiera baten emaitzak direla, publikoari eskaintzen zaizkionak. Kasu honetan, oso adi gaude publikoak egin ditzakeen ekarpenei, datorrenari bidea zabaltzeko. Etorkizun batean erakusketa honen inguruko argitalpen bat ere atera nahi dugu, eta horretarako kolaborazioak eskatuko dizkiegu beste artista batzuei. Beste forma bat eman diezaioke orain hemen dugunari.
Grabatuaren teknika erabiltzen duzue. Badirudi oso antzinako zerbaitez ari garela teknika hori aipatzen denean.
V.R.: Grabatua oso teknika tradizionala da. Mexikon, baita hemen ere, badago ohitura grabatua lantzeko. Iraganeko teknika bezala ikus daiteke, erabiltzen ez den teknika bat, gaur egungo beste teknika batzuekin alderatuta, izan instalazioak, izan bideoartea. Baina erabiltzen dugunok ohartzen gara diskurtso aldetik zer potentzial duen. Indarrean dago, inoiz baino gehiago. Gero, tradiziotik abiatuta, beste teknika batzuekin lanketak egiten dira.
M.G.: Prozesua bada duela 100 edo 200 urteko bera, baina hizkera berritzeko aukera eskaintzen du, eta hori da defendatzen duguna. Gure inguruko artistek ez dituzte ohiko akuaforteak egiten, egungo hizkerara moldatzen dira.
Antzinako teknikak erabiltzeak ez du esan nahi zaharkitutako lanak egingo dituzuela.
V.R.: Hori da. Guk esaten duguna da garaikidea dena pentsatzeko era dela. Lan oso-oso tradizionala egin dezakegu kamera batekin edo bideoartearen bidez, edo egin dezakezu zerbait oso garaikidea munduko teknika tradizionalarekin. Diskurtsoa eta pentsamendua dira garaikideak; teknikak dituzun interesen arabera erabiltzen dituzu. Teknikak ez dira kadukatzen, behin eta berriz asmatzen joaten dira.
M.G.: Unibertsitateko irakasleak gara biok, eta gurekin hasten diren ikasleak, hasiera batean, badirudi antzinako lanak egiteko asmoarekin hurreratzen direla; bodegoiak eta erretratuak egitera, ez dagoela gaizki, baina ikusten dutenean nahi dutena egin dezaketela, grabatua edozein lanketa garaikidera moldatzen dela, horrek interes handia sorrarazten die.