Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga saritu dituzte Julene Azpeitia lehiaketan

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 19a, 10:00

Angel Gallo idazlea. (Juan Luis Romatet)

Aurtengo edizioan 57 lan aurkeztu dira, horietatik zazpi zumaiarrek idatzitakoak. Hilaren 27an izango da sari banaketa Aita Marin, eta Lotura basatiak performancea ikusi ahal izango da sariak banatu ondoren.

Dagoeneko iragarri ditu udalak Julene Azpeitia literatur lehiaketako aurtengo edizioko saridunak. Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatutako epaimahaia urriaren amaieran bildu zen, udaleko euskara teknikaria idazkari zela, eta aurkeztutako 57 lanak –horietatik zazpi, zumaiarrek sortutakoak– aztertu ondoren eman dituzte saridunen izenak. 

Igor Mercadori eman diote lehen saria, Kartoi artekoak lanarengatik. Aurkeztutako ipuina "landua eta isiltasun eta elipsi askokoa" dela uste du epaimahaiak, eta azaldu du irakurri ahala irakurleak eraiki dezakeela kontakizuna bertan ez dagoen informazioarekin. "Elkarrizketa gutxi baina naturalak ditu, irakurlea harrapatu egiten du, eta horrekin guztiarekin literarioki balio handiena duen ipuina da", ebatzi du epaimahaiak. Mercadok 3.000 euroko saria eskuratuko du. Lehenago ere saritua izan da Zumaiako literatur lehiaketan; iaz bertan, esaterako, bigarren saria eskuratu zuen.

Bigarren saria, Angel Gallok eskuratu du. Postbizitza ipuina aurkeztu du aurtengoan Gallok: distopia bat, aurrera egin ahala in crescendo doana, eta amaiera indartsu bat duena. Epaimahaiaren ustez, ipuin "biribila" da, erritmo zaindua du, freskoa da, eta ahozko hizkeran dago kontatua. Ezagun zaharra da Gallo Julene Azpeitia lehiaketan, hainbatetan eskuratu baitu Zumaiako onenaren saria. 

Iñigo Erkiagarentzat izan da, azkenik, Zumaiako onenarena. Epaimahaiak azaldu du ezohiko zentzumenen bidez deskribatzen direla lekuak Azkena ipuinean zehar, eta horien bidez iraganera bidaia bat planteatzen da. "Ikuspuntu diferentea" planteatzen du ipuinak. 

Sari banaketa, hilaren 27an

Datorren asteko asteazkenean izango da aurtengo edizioko sari banaketa, hilaren 27an, 19:00etan Aita Mariko zine aretoan. Behin sariak banatuta, Lotura basatiak performancea eskainiko dute Debako GOAZ antzerki taldeko kideek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide