Azaroaren 25a

Aurre egiten ez badiogu, indarkeria matxista normalizatzera iritsiko da

Urola Kostako Itaia 2024ko aza. 20a, 09:30

Martxoaren 8an Urola Kostako Itaiak Zarautzen egindako elkarretaratzea. (Jabi Gonzalez Toston)

Urola Kostako Itaiak Azaroaren 25aren harira idatzitako gutuna da honakoa.

Indarkeria matxistak geroz eta datu beldurgarriagoak uzten dizkigu. 2024an bost emakume erailak izan dira Euskal Herrian. Espainiako Estatuan, aldiz, gutxienez 40 emakume erail dituzte 2024an. Salatutako sexu erasoek ere nabarmen egin dute gora, eta argitara eman diren kasu oso lazgarrien berri izan dugu azken egunotan. Bestalde, prostituzio-sareetan, egoera zaurgarrian dauden eta batez ere etorkinak diren emakumeek errealitate gordina jasaten dute, eta ezkutuan geratzen da errealitate hau.

Gainera, faxismoaren gorakada aurrera doa etengabean: ideia erreakzionarioak eta matxistak ageriagoak dira jendartean eta horien aurka zerbait egin ezean ez dirudi moztuko direnik. Indarkeria matxista existitzen ez den ideia oso zabalduta dago; zera diote, salaketa gehienak faltsuak direla, gizonek indarkeria jasaten dutela… Hori guztia gutxi izango balitz, indarkeriaren erabilera bera instrumentalizatzen dute esanez etorkinak direla bertako emakumeak erasotzen dituztenak eta horrek zuzenean elikatzen du diskurtso arrazista. Bestalde, guztiontzako babesa bermatzearen izenean, indar polizialak handiagotzeko eta neurri autoritarioagoak gehiagotzeko exijitzen dute. Dena den, errealitatea oso bestelakoa da: udako datuei erreparatzen badiegu antzeman dezakegu Euskal Herrian egin diren sexu-erasoen %15a poliziek egin dituztela. Ustez babesten gaituzten horiek berberak dira erasotzen gaituztenak.

Egoerak okerrera egin du eta okerrerantz doa. Horren aurrean, zezenari adarretatik heldu behar diogu. Ezin dugu onartu ideia erreakzionarioak, matxistak eta faxistak gure kaleetan egotea. Are gutxiago indarkeria matxista bera normalizatzea: emakume bat erail badute, guztiok hartuko ditugu kaleak. Indarkeria ororen aurrean, guztiok hartuko ditugu kaleak. Faxistak kaleak hartzen badituzte, aurrean izango gaituzte. Garaiotan, honen kontra antolatu beste aukerarik ez dugu.

Datozen egunetan antolatutako egitarauan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu:

Azaroak 23, larunbata:

  • 11:30.  Indarkeria matxistaren kontrako arte-erakusketa Frontoi Txikin: argazkigintza, oleogintza, muralgintza...
  • 13:00. Askari girotua bertsolariekin.

Azaroak 25, astelehena:

  • 19:00. Elkarretaratzea Lege Zaharren Enparantzan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide