Santa Zezilia Eguneko emanaldia eskainiko du Musika eta Dantza Eskolak bihar Zumaienan

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 20a, 09:30

Iazko emanaldiko irudia. (Juan Luis Romatet)

Musika eta Dantza Eskolako ikasgai desberdinetako ikasleak zein irakasleak igoko dira bihar arratsaldez Zumaienako agertokira, emanaldia eskaintzera.

Ostirala da Santa Zezilia Eguna, baina Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako ikasle eta irakasleek egun bat lehenago, bihar, osteguna, eskainiko dute, urteroko legez, egun horri lotutako emanaldia. 18:30ean izango da, Zumaiena ikastetxeko aretoan.

Ubillos jauregiko eskolan eskaintzen diren ikasgai desberdinetako ikasleak igoko dira agertokira saio laburrak eskaintzera. Hala nola, musika tailerrekoak, kantu koralekoak, metal taldekoak, triki taldekoak, antzerki taldekoak, euskal dantzakoak, talde instrumental eta dantzakoak, eta banda txikikoak.

Bandak, hilaren 30ean

Santa Zeziliarekin lotuta, Zumaiako Musika Bandak ere kontzertu berezi bat eskainiko du. Azaroaren 30ean izango da, 13:00etatik aurrera, Zumaienako aretoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide