Hezkuntza publikoa indartzearen aldeko elkarretaratzea egingo du gaur LABek Zumaian

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 21a, 09:16

(LAB irakaskuntza)

17:30ean egingo dituzte mobilizazioak Zumaian, Saregile plazan. Azpiegiturak hobetu, baliabidez hornitu eta lan baldintzak hobetuko dituen akordioak adostea du helburu LAB sindikatuak.

LAB sindikatuak deituta, hezkuntza sistema publikoa indartzearen aldeko mobilizazioak egingo ditu gaur arratsaldez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken lurralde honetan hau hiri edo herritan egingo dituzte elkarretaratzeak, eta horietako bat Zumaia izango da. 17:30ean elkartuko dira Saregile plazan. 

"Kalitatezko hezkuntza izateko hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa gauzatzea ezinbestekoa" dela iritzi dio sindikatuak mobilizazioen berri emateko plazaratutako oharrean. "Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergoa ardatz izan daitezen azpiegiturak hobetu, baliabideez hornitu eta langileon lan baldintzak berritzeko garaia da. Horretarako, urtero, gutxieneko inbertsioa Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko litzateke aurrekontu-proiektuan, Europako batezbestekoarekin parekatuz, hezkuntza legearen testuinguruan izandako grebetan aldarrikatu izan genuen moduan".

Bestalde, hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak arautzen dituen lan hitzarmenak berritu eta hobetu behar direla uste du sindikatu abertzaileak, eta zaharkituta dauden hitzarmenak berritzea premiazkoa dela adierazi du. "LABek argi du langileon lan baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea dakarrela bere horretan".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide