Korokoiak taldean abestera gonbidatu dituzte herritarrak

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 24a, 09:00

Korokoiak abesbatza kantuan. (Maria Maya Manterola)

Kanta herrikoiak abestea gustuko duen lagun talde bezala definitzen du Korokoiakek bere burua, eta kantatzea gustatzen zaien herritarrei dei egiten diete haiekin aritzera.

Duela urte eta erdi inguru eman zituen bere lehen pausoak Korokoiak abesbatzak, "Zumaian sortutako kantuzaleen lekua da, elkarrekin ikasi eta elkarri erakusteko espazioa, partehartzailea, guztion artean erabakiz egin beharrekoa". Kantatzeko elkartu eta kanta herrikoiak gustatzen zaizkion lagun taldea, abestea gustatzen zaien herritarrei zuzendu zaie orain beraiekin aritzeko gonbapena eginez. 

Astean behin elkartzen dira entseatzeko Zumaiako Gaztetxean, eta saio horietan talde dinamika ezberdinak egiten dituztela adierazu dute: "beroketak, ahots-teknika landu, talde jolasak sormena landu eta giroa berotzeko eta nola ez abestiak aukeratu eta kantatzen ditugu ahots ezberdinetan".

Ensegu saioak ohikoan ostegunetan egiten badituzte ere, taldearen beharretara egokitzen direla adierazi dute: "disponibilitatearen arabera egiten dugu egutegia, beraz, aldakorra izan daiteke".

Hala, taldera hurreratu nahi duten lagunak Instagram bidez (@korokoiak) jar daitezke harremanetan taldekideekin, edo korokoiak@disroot.com posta elektronikoko helbidera idatzi.

"Ongi etorriak desafinoak, lotsak, belarri finenak eta ez hain finak. Pertsona guztientzat daude ateak irekita, baldintza bakarra taldean kantatzeko gogoa izatea da", azpimarratu dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide