Emakumea Pilotari Saria izeneko txapelketa berriak gaur emango ditu lehen pausoak. Zesta punta modalitatean jokatuko da, eta sei emakume puntista arituko dira: hiru aurrelari eta beste hiru atzelari.
Ezaugarri berezia duen txapelketa da hau. Izan ere, ez dira bikote finkoak izango: aurrelari denek atzelari guztiekin jokatuko dute, eta jardunaldi bakoitzean bikote desberdinak izango dira. Hala, amaieran, bi sailkapen egongo dira: aurrelariena eta atzelariena.
Ligaxkak lehen eta bigarren postuan bukatzen duten aurrelariek eta atzelariek jokatuko dute finala, abenduaren 28an.
Sei puntistak jokatuko dute txapelketa eta horien artean da Frida Watkins Franco zumaiarra. Beste bost puntistak Mutrikuko Danok Bateko Ane Elezgarai Usobiaga, Maite Ortiz de Mendibil Beltran de Heredia eta Oaia Otaño Arrona; Andoaingo Naroa Merino Pineda, eta Tolosako Beotibarreko Irati Moreno Goenaga izango dira.
Hiru jardunaldi
Emakumea Pilotari Saria hiru jardunaldiz osatuko da. Lehena gaur bertan jokatuko dute, 19:15etik aurrera, Aitzuri pilotalekuan. Abenduaren 1ean jokatuko dute bigarrena eta abenduaren 22an hirugarrena. Ligaxkako partidak 15 tantora izango dira. Finala, berriz, 30 tantotara.