Azaroak 25

Ehunka lagun atera dira kalera, "ardurak hartzeko ordua" dela aldarrikatzera

Julene Frantzesena 2024ko aza. 25a, 19:34

Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean egin dute manifestazioa, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta. Herritar ugarik parte hartu du Azaroaren 25aren harira Mugimendu Feministak deitutako protestan. Konponbidea eraikitzen jarraitzeko beharra dagoela azpimarratu dute, eta uste dute borroka kolektiboak eta elkarren zaintzak eta saretzeak egingo dituela emakumeak askeago.

Ehunka lagun atera dira gaur iluntzean kalera, indarkeria matxistaren kontrako aldarria lau haizetara zabaltzera. Ez bazara konponbidea, arazoa zara lelopean egin dute manifestazioa, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta. Herritar ugarik bat egin dute Zumaiako Udalak, Emakumeon Etxeak eta Mugimendu Feministak egindako deialdiarekin.

Mugimendu Feministak Euskal Herrian aurten indarkeria matxista tarteko hildako bost emakumeak ekarri ditu gogora. Gainera, "zoritxarrez" oraindik ere mobilizatzeko arrazoiak asko direla azaldu dute manifestazioaren sustatzaileek; izan ere, haiek salatu dutenez, egunerokoan "erabat normalizatuta" daude erasoak, bortxaketak, beldurrak, hilketak...

Gaineratu dutenez, sistema heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta kapazitistak forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko: "Sexu erasoen gorakada kezkagarria, indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, indarkeria matxista kasuen trataera bortitza komunikabideetan, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anomioa... Ez dira kasu isolatuak, eta emakumeen osasun fisikoan eta psikologikoan ondorio larriak dituen indarkeria sistemikoaren parte dira".

Gauza berberak aldarrikatzen urteak daramatzatela azaldu dute Mugimendu Feministako kideek, eta esan dute aldaketak "oso motel" ari direla ematen. Horri lotuta, ardurak hartzeko ordua dela ohartarazi dute. Gainera, gizon gehienek konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxistak desagerrarazteko eta salatzeko konpromiso falta izaten jarraitzen dutela salatu dute: "Arazoa zarete eraso bat salatzen dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak. Arazoa zarete lagunartean txisteak eta komentarioak mozten ez dituzuenean. Arazoa zarete erasotzailea seinalatu bai baina zuen jokaerak errebisatzen ez dituzuenean. Arazoa zarete feministok urteetan zehar salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean".

Forma berriak

Komunikabideen papera ere ekarri dute gogora, horiek indarkeria matxistaren aurrean rol garrantzitsua dutela uste baitute, eta sare sozialak ere, "mezu faltsuak azkar zabaltzeko, iraintzeko eta gorputzak kontrolatzeko" tresna direla azaldu dute. "Indarkeria forma berriak hartzen ari da espazio birtualean, eta gune horietan ere autodefentsarako tresnak birpentsatu egin behar dira", gehitu dute.

Bestalde, erakundeei inbertsioak "behar den tokian" egiteko eskatu diete: "Prebentzio programak behar ditugu, hezkuntzan inbertsioa, esparru anitzetako profesionalentzako formakuntza, erasotuak direnentzako baliabide errealak eta efektiboak... Ez dugu polizia gehiago behar, ez dugu kontrolean inbertsiorik nahi. Justizian benetako inbertsioa behar dugu, programa integralak bermatuko dituena eta erreparaziorako bitartekoak jarriko dituena".

Konponbidea eraikitzen jarraitzeko beharra dagoela azpimarratu dute, eta horretarako, beharrezkotzat jo dute aliantza feministetatik, antolakuntzatik nahiz borrokatik eragitea. Halaber, jarrera erreakzionarioak borroka feministaren lorpenekiko erantzunak direla esan dute: "Gizonek beren pribilegioak arriskuan ikusten dituzte, eta horiek jarrera geroz eta oldarkorragoak hartzen ari dira. Horregatik, antolakuntza eta militantzia feminista ezinbestekoak dira". Haien aburuz, borroka kolektiboak eta elkarren zaintzak eta saretzeak egingo ditu emakumeak askeago. Hala esan dute: "Ez bazara konponbidea, arazoa zara".

Argazkirako deia

Iazko greba feminista egin zela urtebete beteko da larunbatean, eta urtemugaren harira, argazkia aterako dute Kofradian. Herritarrei argazki hori ateratzera joateko deia egin die Zumaiako Mugimendu Feministak.

Halaber, Astilleros Balenciagaren jarduera mantentzearen aldeko manifestazioa izango da ostiralean, eta mugimenduak bat egin du deialdiarekin.

(Argazkiak: Maria Maya)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide