Kirol instalazioetan zenbait berrikuntza lan egin ditu udalak

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 27a, 09:00

Harmaila mugikorrak Lubakin. (Zumaiako Udala)

Aita Mari futbol zelaian, markagailu berria ezartzeaz gain, kanpoko sareak aldatu ditu udalak. Lubaki kiroldegiaren barrualdean ere izan dira berrikuntzak, besteak beste, harmaila mugikorraren ezarpena. Datorren urtean ere kirol instalazioak hobetzen jarraitzeko asmoa agertu dute.

Agintaldi honetan zenbait lan egin ditu Zumaiako Udalak herriko kirol instalazioetan. Aita Mari futbol zelaian, esaterako, markagailu berria jarri du, Zumaiako Futbol Taldearekin tresnaren ezaugarriak adostu ondoren. Udalaren arabera, 7.150 euro erabili dituzte horretarako. 

Beste esku hartze bat ere izan da futbol zelaian: kanpoko sareak aldatu ditu, 1.000 euro erabilita. Padeleko pistan, bestalde, beste sare bat ezarri du bi jokalekuak gehiago bereizteko, eta pilota batetik bestera ez pasatzeko. 

Lubaki kiroldegiaren barrualdean ere izan dira berrikuntzak: harmaila mugikorraren ezarpena (16.600 euro), eta gimnasioko makinaria konpontzeko lanak. Azken horiek ez dituzte amaitu, eta azaldutakoaren arabera, "ez da izango azkar batean gauzatuko den berrikuntza", udalak beharraren arabera konponduko dituelako makinak. 

Beste berrikuntza batzuk 

Udal Gobernuak 2025. urteko aurrekontuetan ere txertatu du kirol instalazioak berritzen jarraitzeko diru partida bat. Besteak beste, cycling bizikleta berriak ezartzeko, gimnasioko makinaria berritzen jarraitzeko, surfeko lokalean aldaketak egiteko, itsas kiroldegian konponketak egiteko nahiz herriko frontoiak egokitzeko erabiliko dute diru partida hori.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide