Balenciaga ontziolako lan gatazka

Udalak bat egin du Balenciagako langileen manifestazioarekin

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 27a, 10:30

Balenciaga ontziola airetik.

Babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan die udalak enpresaren jarduera etetearen ondorioak jasan ditzaketen langileei eta haien familiei. Ostiraleko manifestazioko deialdira atxiki da, eta herritarrei dei egin die parte hartzera. 

Udal talde politiko guztien adostasunarekin, ostiralean Balenciagako langileek ontziola ez ixtea eskatzeko egingo duten manifestazioarekin bat egin du Zumaiako Udalak. Era berean, elkartasuna eta babesa adierazi diete enpresa ixtearen ondorioak zuzenean jasan ditzaketen langileei eta beren familiei.

Jakinarazi dute, bide batez, astelehenean bildu zela Iñaki Ostolaza alkatea Balenciagako langile batzordeko ordezkariekin. Ontziolaren jarduera mantentzeko bere eskutan dagoena egiteko konpromisoa agertu zien alkateak.

Ontziolaren "garrantzia estrategikoa" azpimarratu nahi izan du udalak, eta ez ekonomiaren ikuspegitik bakarrik, baita "herriko nortasunari eta industria ondareari" dagokionean ere. "Langileen etorkizuna" jokoan dagoenez, herritar guztiak deitu ditu manifestazioan parte hartzera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide