Ludotekako programazioa ezberdina izango da asteburu honetan, ohiko dinamika alde batera utzi, eta haurrak eta haien familiak elkartuko baitituzte oraingoan, elkarrekin jolasean aritzeko. Larunbatean eta igandean elkartuko dira horiek, 17:00etatik 19:30era bitartean.
Erakusketan 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako jostailuak egongo dira ikusgai, eta hezitzaileek askotariko jostailu eta jolasen inguruko aholkularitza eskainiko die familiei. Horrela, haurrek zein helduek jostailuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
Ludotekak adierazi duenez, familientzako aukera paregabea izan liteke asteburuko ekimena, elkarrekin jolasean aritzeaz gainera, Gabonetan eskatu beharreko jostailu eta jolasen aukeraketa egokiagoa egiten lagun diezaiekelako.